Barandiaran Zeberiori hezkuntza ekarria eskertuko diote Ataunen
Gabrielenea etxea hezkuntzarako utzi zuen, Ataungo umeek «irakaskuntza katolikoa» izan zezaten. Haren omenezko plaka-oroigarria jarriko dute igandean.
Joan Jose Barandiaran Zeberio apaiza eta ongilea omenduko dute Ataunen igandean, eskertza ekitaldi batekin, Atauniker kultur elkarteak eta Ataungo Parrokiak antolatuta. Herriko irakaskuntzarako utzi zituen bere jaiotetxea eta ondasun guztiak, 1953an hil zenean.
Igandean, 12:15ean, Gabrielenea etxeko horman plaka-oroigarri bat jarriko dute. Etxe hartan Gabillene bezala ezagutzen da herrian jaio zen Joan Jose Barandiaran Zeberio, 1872an.
Ataungo umeek «irakaskuntza katolikoa» izan zezaten, herriaren esku utzi zuen Gabrielenea. Hiru kongregazio izendatu zituen zeregin horretarako: Jesusen Alabak, Mertzedariak eta Karmeldarrak. Bide horrek jarraipenik ez bazuen, benefizentzia edo ospitale izan zedila azaldu zuen legatuan.
Ataungo Udalak, Jose Mari Bikuña alkate zela, 1955eko maiatzean erabaki zuen Gabillene eskolatarako prestatzea. Mertzedariek hartu zuten ardura. Font i Andreu gotzainak inauguratu zuen eskola, 1956ko uztailean.