CAFeko langileek biktimen mina ez luzatzeko eskatu dute
Beasaingo eta Irungo CAFeko enpresa batzordeak deitoratu egin du zuzendaritzak Celestino Tolosaren heriotzaren inguruko epaiari helegitea jarri izana. «Denbora gehiegi daramagu zuzendaritzari jarrera aldatzeko eskatzen, eta enpresa gisa bere gain har dezala biktimen (enpresako langileak) eta haien senideen aurrean dagokion erruaren zatia», diote prentsa oharrean. «Baina CAFek bere erantzukizuna ukatzen eta guztien mina betikotzen jarraitzen du», atsekabetu dira.
Celestino Tolosa biriketako minbiziak jota hil zen. Urte luzez CAFeko langilea izan zen eta amiantoarekin lan egin zuen inolako segurtasun neurririk gabe. Donostiako 2. Epaitegiak ebatzi zuen amiantoak eragin ziola minbizia, eta CAF kalte-ordainak ematera behartu zuen. Zuzendaritza ez dago ados eta helegitea aurkeztu du. Tolosa erretzailea zela diote eta horrek kaltetu zizkiola birikak. Ez da lehen aldia CAF halako kalte-ordainak ematera behartzen dutena, eta aurreko kasuetan ere helegiteak aurkeztu ditu.
Errekurtsoak sendiaren mina areagotu besterik ez duela egiten salatu dute langileek, eta erakunde publikoei eskatu diete zuzendaritzaren jarrera gaitzesteko; Asviamie elkartearen babesa jaso dute. Amiantoaren biktimen elkarteak errekurtsoa «iraingarria» dela uste du, eta enpresaren jokabide «harroputza» azpimarratzen duela, biktimei barkamena eskatu beharrean gutxietsi egiten dituelako.
Beste auzi bat
CAFek beste epaiketa bati egin beharko dio aurre astelehenean. Kasu honetan, Acaciorena: bera ere CAFeko langilea izan zen eta biriketako minbiziak jota hil zen. Autopsian ikusi zuten biriketan amianto aztarnak zituela, eta Beasaingo konpainiari kalte-ordainak eskatzen dizkiote.