«Cavari buruz izan genezakeen aurreiritzia bestelakoa da orain»
Urriko azken asteburuan egin ohi dute Cava Festa Zegaman, baina aurtengoa bertan behera gelditu da. Joseba Izagirrek azaldu duenez, Sant Sadurni D'Anoiarekin duten harremanaren harira sortu zen festa.
Cava festa egiten duzue Zegaman udazkenero, baina aurten ez da ospatuko osasun egoera dela eta. Beti izaten da urrian.
Bai, 7. edizioa izango litzateke aurtengoa egin balitz eta lehenengo urtetik finkatu genuen urrian izango zela, azkeneko aste bukaeran, alegia.
Cavak garai zehatzik dauka?
Ez, Zegamako ekintzei begiratuz gero azkenean urte osoan herrian hainbeste ekintza izaten ditugunez, finkatzea erabaki genuen, ez produktuarengatik.
Zortzi cava izaten dira dastatzeko. Aurten zerbait antolatuta edo erosita al zenuten?
Ezertxo ere ez. Festa mota hori da hain justu ekidin behar duguna, jende pilaketak, eta festa horrek horixe dauka. Honen ordez ezin zen beste antzerako ezer egin. Abuztuan jada aurreikusi genuen ez zela egingo.
Inguruan ez da festarik ohikoena. Nolatan erabaki zenuten cava festa antolatzea?
Antolatzaileak udala eta herriko elkarte gastronomiko eta kultur eta kirol elkarte guztiak dira. Elkarteek eskaera egin zioten udalari elkarlanean aritzeko. Sant Sadurni D’anoia (Bartzelona) herriarekin senidetuta gaudenez eta bertako produktua cava denez, produktua ezagutarazi eta Sant Sadurni D’Anoia-ko herritarrei keinu egiteko.
Sagardo edo ardo festak egoten dira, baina Euskadiko herritan horrelakorik ez zela egiten ikusita, horrela animatu ginen.
Nola sortu zen senidetze erlazio hori Sant Sadurni D’Anoiako herritarrekin?
Hori aspalditxotik dator. Abesbatzaren bitartez hasi zen. Hango koruak eta Zegamako Orkatz abesbatzak elkar ezagutu zuten eta hortik. Lehenengo aldiz Orkatz abesbatza Sant Sadurnira 90ko hamarkada hasieran joan zen. Haiek etortzen ziren, hemendik joaten ziren… eta horren ondoren erlazioa zegoela ikusita, udalak senidetzea pentsatu zuen. Ekitaldi instituzionala bi herrietan egin zen 2006an. Harrezkero udal bezala instituzionalki urtero joaten gara eta haiek ere etortzen dira. Abesbatzen artean eta eskolen artean ere harremana dago eta estuagoa da 2006tik.
Nola banatzen dute antolakuntza lana elkarteek eta udalak cava festa egiteko?
Alderdi ekonomikoa udalak hartzen du bere gain, ohi moduan materiala ere bai, eta cava eskaera guk kudeatzen dugu. Boluntario lana iluntzean izaten da, elkarteek festa aurrera eramateko lana egiten dute. Kabak saltzen dira eta jana eskaintzen duen enpresa bat ere etortzen da. Hasiera batean herriko frontoian egiten genuen eta azken bi urteetan eskolako patioan izan da.
Edaria, janaria…eta musika ere izan duzue urteren batean. 2018an Belack taldea aritu zen.
Ekonomikoki nola gauden arabera izaten da, soberan badago, alegia, ekintzak diru pixka bat uzten badigu beste ekintza berezirik egiteko, aprobetxatzen dugu eta noizbait egin dugu herriko talderen baten kontzerturen bat. Baina azkenean festaren egitura urtero antzerakoa da: dastatzeko cava egoten da, mahaiak jartzen dira eta afaltzeko aukera izaten dute herritarrek.
Nola erabakitzen duzue zein cava jarriko duzuen salgai?
Cava eskaeraren kontua formatu ezberdinetan egin dugu hasi ginenetik hona. Sei edizio egin dira, bada hasieran Sant Sadurni D’Anoiako lagunei eskatzen zitzaizkien cava desberdinak, elkarteen artean ere dastaketa egiten zen eta handik zortzi aukeratzen ziren festarako. Azkeneko urteotan cava ezagun batzuk aukeratu ditugu, nolabait ekoizleek Zegamarekin erlazioa dutenak, dela festatan etorri direlako edo tailer bat egin dutelako hemen. Azkeneko edizioetan berdinak ekarri ditugu.
Sei edizio eginda, cavaren inguruan ere ikasiko zenuten.
Ez dakit orain duela hamar urte baino cava kultura handiagoa dugun, baina kontsumitu behintzat gehiago egiten da. Cavari buruz izan genezakeen aurreiritzia bestelakoa da orain, jendearen interesa eta gustua aldatzen ari dela uste dut eta nik uste kultura pixka bat sortu dela. Behintzat cava bat ala beste, bakoitzarentzat hobea ala okerragoa den esateko bada ere.
Zegamarrak ez ezik, Goierriko beste herrietako jendea ere inguratu ohi da cava festara.
Bai, Goierritik behintzat jendea etortzen da. Hor gertatzen dena da cava festa bat dela eta edari alkoholikoa izanik kotxean etorrita arriskutsua izan daitekeela. Horregatik erraztasunak jartzen ditugu ingurukoek autobus zerbitzua erabil dezaten.