Mapa orokorra da helburua
Baheketa masiboa ostiralera arte egingo dute eta herritarrei eskatu diete PCRa egiteko txanda har dezatel. Jakintza eta Oianguren ikastetxeetakoak izan dira lehenak.
Osasun Sailak agindutako baheketa masiboa egiten ari dira Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, atzo hasita, ostiralera arte. 13 eta 40 urte bitarteko ordiziarrak eta zaldibiarrak deitu dituzte proba egitera. Jakintza ikastolako eta Oianguren institutuko ikasleak, irakasleak eta langileak izan ziren PCR probak egiten lehenak. Txandarik hartu ez duten herritarrek 943 00 76 35 telefono zenbakira deitzea eskatu dute.
Arantxa Saez Ordiziako Osasun Zentroko arduradunak azaldu zuenez, «komenigarria» da adin tarte horretako herritarrek parte hartzea, «jakiteko zenbat positibo dauzkagun eta zertaz hitz egiten ari garen, eta batez ere, asintomatikoak direnak ere detektatu ahal izateko». PCRa egitera doazen herritarrei, «guzti hau ekiditeko neurriak» zein diren azalduko dizkietela argitu du, «ea denon artean lortzen dugun hau etetea».
Ikastetxeetako irakasleez eta ikasleez gain, 200 bat herritarri ere egin zizkieten probak atzo, eta datozen egunetan, kopuru zehatza esaterik ez badago ere, 1.000 eta 4.000 test artean egitea aurreikusten dute. Proba egitea «borondatezkoa» dela gogorarazi zuen Saezek, baina benetako egoera ezagutzeko, «garrantzitsua» dela herritarrek deialdi horri «erantzun on» bat ematea.
Uztaileko egoerarekin alderatuta, «ezberdina» dela azaldu du, «hura agerraldi baten hasiera izan baitzen». Lehen kolpe hartan «jendea oso izututa» zegoela esan du Saezek; orain ordea, «badirudi erosotu edo ohitu» egin dela. Azkenik, Ordiziako eta Zaldibiako herritarrek deialdiaren aurrean ondo erantzungo dutelakoan dago.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak indarra egin du herritarrei egin zaien deialdiaren garrantzian, eta argitu du, «baheketa masiboa dela oraingo hau, beraz ez dagoela foko bati lotuta, eta PCR proba egiten dutenek, ez dutela emaitzaren zain etxean gelditu beharko». Ahal den herritar gehien parte hartzera animatu ditu.
Ikastetxeen balorazioa
Mikel Etxarri Ordiziako ikastolako zuzendariak Osakidetzako langileen lana nabarmendu du: «Oso ondo antolatuta dute eta osasun langileen jarrera txalotzekoa da, bizi duten egoerarekin, jarrera positibo hori mantentzea, eskertzekoa da». Osasun Sailak egindako deialdia, «positibo» baloratu du, eta espero du, «Ordizian ateratako argazkiarekin, bizitzen ari garen egoera hau moteltzea edo frenatzea». Nabarmendu du, urriko zubiaren buelta, «eroetxe bat» izan dela, «kasu positiboak eta konfinamenduak gora ari zirelako». Bestalde, pozik agertu da, ikastolan, «barruko transmisiorik eman ez delako». Azkenik esan du, «arduraz jokatzea errepikatzen dugula, eta hortxe dagoela gakoa, hau da, norberak hartzea erantzukizuna eta zaintzea». Gurasoen lanaz esan du, kasu pila bat frenatu dituztela, «senideren batek sintomak izanda haurrak eskolara ez bidalita».
Arratsaldean, Oianguren institutuko irakasle eta ikasleek egin zuten PCR proba. Institutuko zuzendariak uste du «beharrezkoa» dela, «momentu honetan Goierrin, tartean Ordizia, egunero-egunero positibo eta konfinatutako pertsonen kopurua gora ari delako, eta ezinbestea da mapa orokor bat edukitzea». Gaineratu du, «13 eta 40 urte bitarteko herritarrek bakarrik ez, 13tik beherakoek eta 40tik gorakoek ere proba egin beharko» luketela. Pentsatzen du guztiz beharrezkoa dela pertsona asintomatikoak detektatzea: «Proba egitea ardura pertsonala da. Ni neu asintomatikoa banaiz, jakin nahi dut, ez ditudalako ondokoak kutsatu nahi».