Segakera berria ordubeteko lehiaketara luzatuko du Almitzak
Segalaritzako eredu berria sortu du Almitza sega elkarteak: I. Sega Sail Lehiaketa. COVID-19ak baldintzatutako urtean, herri kirolek orokorrean eta segalaritzak bereziki «oso egoera zaila» dutela ikusita, eta Herri Kirol Federazioen ohiko sega txapelketak ezeztatu direnez, beste aukera bat bilatu du Almitzak.
Sega sail lehiaketak berrikuntza batzuk baditu, ohiko txapelketekiko. Ebakitako belarrik ez dute pisatuko. Baina iraupeneko lana izango da: gizonezkoek 1.000 metro koadro eta emakumeek 400 ebakiko dute. Nazioarteko segakeraren oinarrizko arauak ditu: ahalik eta azkarren, baina txukun utzi behar da saila.
Segalari bakoitzak bina biltzaile izango ditu, eta akatsak jakinarazi ahalko dizkiote. Epaileek ere bai, eta maila bukatu eta hurrengora itzultzerakoan txukundu beharko ditu segalariak. Izaera ofizialik ez dauka sega sail lehiaketak.
Lehen lehiaketa Hernanin
Aurreneko Sega Sail Lehiaketa Hernaniko Jauregiko belardian izango da, igandean 12:00etan. Iban Pardo, Julen Gabirondo, Iñigo Merkader eta Mikel Lizartza ariko dira gizonetan; Irati Astondoa, Alaitz Imaz, Malou Henriksen eta Ainara Otamendi nesketan. Lehenik neskak ariko dira (20-25 minutuko lana), eta jarraian gizonezkoak (35-40).













