Trenasa bideragarria dela esan diote CAFeko zuzendaritzari Beasainen
Trensako langileek Beasainera lekualdatu dituzte protestak. 110 beharginek galdu ditzakete lanpostuak. Ixteko erabakia bidegabea dela diote, egoera ekonomikoa ez delako txarra
Trenasa ez itxi oihuak ozen entzuten ziren atzo goizean CAFen Beasaingo fabrikan. Castejondik etorritako ehun langile baino gehiagok atarian elkarretaratzea egin zuten lantegiaren atarian, eta Beasaingo, Irungo, Zaragozako eta Madrilgo zentraletako kideen babesa izan zuten, ordubeteko lanuzteak egin baitzituzten.
Trenasa CAFen filiala da eta zuzendaritzak ixtea erabaki du, bideragarria ez dela argudiatuta. Miguel Angel Molina langile batzordeko presidenteak (CCOO), ordea, gezurra dela erantzun zien: «Castejongo (Nafarroa) planta bideragarria da. Eskari garrantzitsuak martxan genituen eta lantaldeak esfortzu handia egin zuen zuen duela lau hilabete ABEE bat onartuta. Zuzendaritza da gure planta kondenatzen duena, nahita. Beraiek erabakitzen dute nola banatu lan-zama». Langileak sinetsita daude iragarrita dauden 110 kaleratzeak ekidin ditzaketela, eta hori lortu arte protestan jarraituko dutela iragarri zuten.
Langile batzordea eta zuzendaritza herenegun elkartu ziren azkenekoz, baina akordio urrun dago oraindik. Molinak salatu zuen enpresak jarrera «itxia» eta «egoskorra» duela: «Enpresak esaten digun bakarra da esperantzarik ez izateko, fabrika berehala itxiko dutelako». Langile talde handi bat urriaren 31n kaleratu nahi du enpresak, eta gelditzen direnak, abenduaren 31n.
Itolarria
Langileek nabari dute denbora agortzen ari zaiela. Bihar hiru aste beteko dituzte greba mugagabean. «Badakit guztiok une txarrak igarotzen ari garela, ezjakintasun honek ahitu egiten gaituelako», onartu zuen langileen ordezkariak. Irtenbide «duin» baten bila dabiltza.
Zuzendaritza prest dago lan egindako urte bakoitzeko 32 eguneko soldata ordaintzeko, eta langileen %60 aldi baterako beste lan batean jartzeko. Sindikatuek ez dute onartzen, baina. «Gure lanpostuengatik borroka egin behar dugu. Mobilizatzen jarraituko dugu, presio egiten». Zuzendaritzari ardura sozial handiagoarekin jokatzeko eskatu zioten, eta Nafarroako Gobernuari deslokalizazioaren xantaia ez onartzeko.