Alarma egoera ezartzeko eskatuko dio Urkulluk Sanchezi
Alarma egoeraren kudeaketa eta agintea Urkulluk berak izango luke. Lehendakariaren nahia da «ahalik eta azkarren eta arretaz jardutea, herritar guztien osasuna zaintzeko eta koronabirusaren transmisio komunitarioa mugatzeko».
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak prentsa agerraldia egin du 16:00etan Lehendakaritzan. Jakinarazi duenez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari gaur bertan eskaera ofizial bat bidaliko diola, erkidegoan alarma egoera ezar dezan. Hori bai, alarma egoeraren kudeaketa eta agintea Urkulluk berak izango luke. Lehendakariaren nahia da «ahalik eta azkarren eta arretaz jardutea, herritar guztien osasuna zaintzeko eta koronabirusaren transmisio komunitarioa mugatzeko».
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, lehendakariak Sanchezekin hitz egin du goizean, eta eskaera egiteko asmoaren berri eman dio. Atzo EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak hartutako erabakiak izan du alarma egoeraren eskaeran zerikusia. Izan ere, Jaurlaritzari ez zion baimenik eman leku publiko eta pribatuetako topaketak sei pertsonara mugatzeko, uste baitu oinarrizko eskubideak urratzen dituela eta ez duela legezko oinarririk.
Urkulluk Sanchezi azaldu dio egungo egoera ikusita hartu duela alarma egoera eskatzeko erabakia, nahiz eta Jaurlaritzak gaur bertan jarri dituen indarrean neurri murriztaile gehiago; besteak beste, koronabirusaren intzidentzia tasa handia duten 25 udalerritan –tartean, Beasainen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian, Urretxun eta Zumarragan– mugatu egin du tabernen jarduna, eta 21:00etarako itxi beharko dituzte ateak. Gaur bertan sartu da indarrean neurria, aldizkari ofizialean argitaratu ondoren.
Jaurlaritzak azaldu du alarma egoera eskatzeko erabakiak Osasun Sailaren aldeko irizpena duela, bai eta Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoarena ere. Urkulluk berak agerraldia du arratsaldean, xehetasunak emateko. Nolanahi ere, Madrili eskatuko dio erkidegoak berak mantentzea agintea, Espainiarekin «modu koordinatuan» jardunda.