Atzegi, ibilbide luzeari aitortza
Sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du elkarteak Legazpin. Orain dela 60 urte sortu zenetik bidelagun izandakoak omendu nahi ditu. Beasainen, hilaren 29an
Atzegiren urteroko sentsibilizazaio kanpaina iritsi da Goierrira; atzo aurkeztu zuten Legazpin, eta datorren ostegunean, hilak 29, Beasainen da hitzordua, 16:30ean, udaletxean. Atzegi, 60 urte bidelagunak biltzen da aurtengo kanpainaren leloa. Adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartearen 60 urteko ibilbideari egiten dio aipamena, eta 60. urteurren horren ospakizunen hasiera markatu du. Urteurrena amaitzeko, 2021eko abenduaren 20an, Donostiako Kursaalean ekitaldi bat egingo dute.
Legazpiko aurkezpenean, Atzegiko Inma Hernandez, Nino Hernandez, Susana Velasco, Angel Lopez eta Legazpiko Udaleko gizarte gaietako zinegotzi Maite Lonbide izan dira.
Bidelagunei omenaldia
Kanpaina berri honen bidez, Atzegik omenaldia egin nahi izan die 60 urtetan zehar elkartearen bidelagun izan diren pertsonei. Bide batez, gonbidapena luzatu dio gizarteari, kolektiboari laguntzen jarraitzeko.
Kanpainaren aurkezpenean, 1960an familia batzuk euren seme-alaben etorkizunaren alde borrokatzeko elkartu zirenetik «gauzak asko aldatu» direla nabarmendu zuten, «lehen pentsaezinak ziren helburuak lortu dira esparru ezberdinetan». Hezkuntza, egoitzak, lana, aisialdia… eta, orohar, eskubideak aipatu zituzten, besteak beste, botoa ematekoa eta modu independentean bizitzekoa. Hala ere, aurretik «oraindik beste erronka asko» geratzen direla gogoratu zuten, eta horiek gauzatzeko Gipuzkoako gizartearen babesa ezinbestekoa izaten jarraituko duela adierazi zuten.
Atzegiren bidelagunei aitortza egin nahi dietela ere aipatu zuten, «adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, elkartearekin bat eginez, borrokatzen dutenei», hain zuzen. Horiei esker lortu dute «gizartea aldatzea, begirada aldatzea, aukerak areagotzea eta azken batean, eskubide asko onartzea».
Protagonistak
Atzegiren bidelagunak dira, hain zuzen, elkartearen kanpaina berriaren protagonistak, eta hemendik aurrera eta 60 astez, horietako bat aurkeztuko dute astero www.atzegi.eus/bidelagunak webgunean. Adimen desgaitasuna duten pertsonak, senideak, boluntarioak edo bestelako bidelagunak izango dira, eta bere esperientzia pertsonala azalduko dute bideo bidez, gehien baloratzen duten lorpena zein den edo etorkizunera begira dituen ametsak kontatzeko, adibidez. Aurkezpenean bertan eman zuen bere testigantza bidelagun horietako batek, Angel Lopez legazpiarrak, Enekoren aitak. Lopez seme gaztearen etorkizunaz kezkatuta hurbildu zen Atzegira, eta elkartearen bidez Enekok Genuine futbol ligan Eibar taldearekin jokatzeko aukera, lagun berriak, heziketa saioak, oporraldiak eta gehiago aurkitu dituela aipatu zuen. Aita den aldetik, horregatik guztiagatik ondo eta lasai sentitzen dela gehitu zuen.
Atzegi, datutan
DATU OROKORRAK
· Familiak. 2.054 familia biltzen dira Atzegiren barruan, adimen desgaitasuna duten 2.140 pertsonen ingurukoak.
· Kolaboratzaileak. 2.534 pertsona kolaboratzaile ditu elkarteak.
· Atzegizaleak. 10.486 atzegizale.
· Oinarria. Elkartearen oinarria 15.074 pertsonek osatzen dute.GOIERRI GARAIKO DATUAK
· Familiak. 86 familia, eta adimen desgaitasuna duten 95 pertsona.
· Kolaboratzaileak. 146 pertsona.