Datozen bi asteetako lehiaketak atzeratzeko eskatu die Aldundiak Gipuzkoako kirol federazioei
Gipuzkoako lehiaketa ofizialen gaineko antolamendu neurriak hartzea "ezinbestekoa" dela dio Aldundiak
COVID-19 koronabirusak azken egunetan izan duen bilakaera ikusita, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioei jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak modalitate kolektiboetako Gipuzkoako kirol federazioei hurrengo bi asteetarako aurreikusitako lehiaketa jardunaldiak atzeratzeko eskatu die .
“Gipuzkoako lurraldearen egoera epidemiologikoa eta kirol jarduera federatua garatzeko baldintzak aintzat hartuta, ezinbestekoa da Gipuzkoako lehiaketa ofizialen gaineko antolamendu neurriak hartzea”, adierazi du ohar bidez.
2020ko maiatzaren 15ean onartutako Foru Aginduaren bidez, Gipuzkoako kirol federazioei baimena eman zitzaien Gipuzkoako lehiaketa ofizialen egokitzapenean esku hartzeko, COVID-19aren pandemiaren bilakaerara egokitu ahal izateko.