Igandean jokatzekoa zen I. Sega Sail lehiaketa ere, bertan behera
Hernaniko Jauregiko belardian zen jokatzekoa, Zaldibiako Almitza elkarteak antolatuta. Honezkero, aurtengoz sega lehiaketarik antolatzea "zaila" izango dela nabarmendu dute.
“Pena handiz, baino igandean jokatzekoa zen I. Sega Sail Lehiaketa, egoerak horrela behartuta, bertan behera geratu da. Aurtengoz zaila izango da berriro antolatzea, hala ere betiko moduan lanean aurrera egiteko gogoz gaude”. Almitza elkarteak lerro horien bidez jakinarazi du igandean Hernaniko Jauregiko zelaietan jokatzekoa zen lehiaketa berritzailea ez dela egingo.
Iban Pardo, Julen Gabirondo, Iñigo Merkader eta Mikel Lizartza ziren gizonetan lehiatzekoak; Irati Astondoa, Alaitz Imaz, Malou Henriksen eta Ainara Otamendi nesketan. Lehenik neskak ziren jokatzekoak (20-25 minutuko lana), eta jarraian gizonezkoak (35-40).
COVID-19ak baldintzatutako urtean, herri kirolek orokorrean eta segalaritzak bereziki «oso egoera zaila» dutela ikusita, eta Herri Kirol Federazioen ohiko sega txapelketak ezeztatu direnez, beste aukera proposatu zuen Almitzak. Ebakitako belarrik pisatu ez, baina iraupeneko lana izan zedila, gizonezkoek 1.000 metro koadro eta emakumeek 400 ebakiz. Nazioarteko segakeraren oinarrizko arauak zituen: ahalik eta azkarren bai, baina saila txukun utziz.