Independienteren aurka hasiko du liga Ampo Ordiziak
Altamira zelaian jokatuko dute, igandean, 12:00etan. Zaletuek partida ikusi ahalko dute neurriak betez. Ohorezko Mailako liga aldaketekin jokatuko da aurten
Duela bi aste, Gernikaren aurkako lagunartekoarekin motorrak berotu ondoren, igandean, urriak 25, Santanderreko Independienteren aurka jokatuko du ligako lehen partida izango dena, Ohorezko Mailako Ordizia errugbi taldeak. Etxean jokatuko dute ordiziarrek, Altamira zelaian, 12:00etan hasita.
Zaletuek partida ikustera joateko aukera izango dute, baina gutxieneko neurri batzuk bete beharko dira guztien segurtasuna bermatzeko. Harmailetan aforoa mugatuko da. Bazkideek lehentasuna izango dute.
Altamirako sarreran eta eraikineko puntu jakinetan eskuak garbitzeko gela egongo da. Pertsonen arteko segurtasun distantziak gordeko dira bai harmailan eta bai pistan.
Musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Bazkide bakoitzari klubeko maskara bana oparituko zaio bertaratzen den lehen partidan.
Liga desberdina
Salbuespen gisara, txapelketa honen 54. edizioa, aurreko urteetan jokatutakoen aldean desberdina izango da, partiden kopurua murriztu baitute.
Lehenik eta behin, 1. itzulia jokatuko da, aurreko denboraldikoaren berdin-berdina, denak denen aurka. Sei taldek 6 partida jokatuko dituzte etxean eta 5 kanpoan, eta beste seiek kontrakoa egingo dute.
Ohi bezala, 11 jardunaldi horiek 2020-21 Errege Kopako finalerdietarako sailkatu diren lau taldeak ere erabakiko dituzte, maiatzaren 1ean eta 2an.
Ondoren, lehen sei sailkatuak eta hurrengo sei sailkatuak bigarren itzulirako bi multzotan banatuko dira, fase erregularreko gainerako bost jardunaldiak multzo bereko aurkarien aurka jokatuz.
Aurtengo edizioaren eta iazkoaren arteko beste desberdintasun bat da, titulua lortzeko play-offetan parte hartuko dutenen kopurua, 8 izango baitira txapeldun izateko hautagaiak.
Azkenik, igoera-jaitsiera Ohorezko Mailako 11. sailkatu den taldearen eta Ohorezko Maila Bko txapeldunordearen artean jokatuko da, baina oraingoan partida bakarrera izango da eta egoitza neutralean.
Lehenengo itzulia amaituta eta bigarren itzulirako taldeen banaketa ezagututa (sailkapen-irizpidearen arabera), egutegiaren beste zozketa bat egingo da.