Osasun krisiari buruz hausnartzeko deia
Euskal Herriko hainbat tokitan Mizelio izeneko taldeak sortu dituzte osasun krisiaren inguruko hausnarketa sustatzeko. Goierri garaiko taldeak bi hitzaldi antolatu ditu gaurko eta datorren ostiralerako.
Azken mende beteko osasun krisirik larriena bizi dugu martxotik hona. Krisi horren kudeaketaren aurrean hiru jarrera nagusi daude: batzuk agindutakoa otzan-otzan betetzen dute, beste batzuk dena asmakizun bat dela diote, eta hirugarren multzo batek, hausnarketarako deia egin du. Multzo horretan daude, hain zuzen ere, Mizelio taldeak. Herri askotan sortu dira dagoeneko, baita Goierri garaian ere. Bi hitzaldi antolatu dituzte datozen egunetarako: lehena gaur izango da, Legazpin, eta hurrengoa, gaur zortzi, Urretxun.
Goierri garaiko Mizelio taldea 10 bat lagunek osatzen dute. Horien artean daude Diego Calvo zumarragarra eta Deiane Grajeras urretxuarra. «Ekimena Bizkaian sortu zen. Ekainean bilera bat egin zuten Zestoan. Guk abuztuan izan genuen ekimen honen berri. Ordurako, osasun krisiaren kudeaketaren inguruko kezka genuen hainbat lagun harremanetan jarriak ginen. Gauzak ez genituen batere argi eta beste ikuspuntu batzuk ezagutu nahi genituen. Mizelio taldeen berri izan genuen eta gure taldea sortzea erabaki genuen».
Hausnarketa helburu
Lehen bilera egin zuten, baina elkartzeko gero eta zailtasun handiagoak daudela ikusita, sare sozialen bidez lan egiten dute batez ere. Hausnarketa bultzatzea dute helburu, baina beste asmo batzuk ere badituzte. «Lehenena, elkartzea eta hausnarketak eta informazioa partekatzea da. Udaberrian bizi genuen guztiaren ondoren, eskubide hori galdu dugula iruditzen zaigu», aipatu du Calvok.
Beste helburu bat, osasun arloan burujabetza eta autogestioa sustatzea da. «Azken hilabete hauetan nabarmen gelditu da osasuna oso instituzionalizatuta dagoela. Goitik esan digute zer egin, legeekin eta arauekin. Baina, osasun eredu hegemonikotik kanpo, beste ikuspuntu batzuk ere badaude. Autoaskitasuna, burujabetza, zaintza lana…». Hainbat arlotako adituek «beste ikuspuntu batzuk» dituzte, ordea. «Guzti horiek elkartu nahi ditugu, hortik zer ateratzen den ikusi eta ateratzen den hori ezagutzera eman».
Erakundeek egin duten kudeaketarekin kritiko ageri dira. «Erabakiak osasun arazoa konpontzeko hartu direla esan digute, baina erabaki asko politikoak izan dira. Beste herrialde batzuetan malguago jokatu dute. Egoera hau kudeatzeko beste modu batzuk daude. Guk ez dugu esango zer egin behar den, baina adituen arteko eztabaida bultzatu nahi dugu». Izan ere, «kritikoak diren adituak isildu» egin dituztela uste dute. «Medikuen elkarteak mediku batzuk zigortu egin nahi ditu. Baina beraien iritziak ere interesgarriak dira. Entzutea komeni da, norberak bere iritzia osatzeko».
Osasuna koronabirusa ez hartzea baino askoz ere gauza zabalagoa dela gogorarazi nahi dute. «Konfinamenduan hartu ziren neurriak mundu guztiak bete behar zituen, adibidez. Baina pertsona batzuei kalte egin die etxean horrenbeste denbora emateak». Beldurrak adinekoei eta haurrei min egin diela azaldu du Grajerasek. «Gure taldeko asko gurasoak gara eta beste kezka batzuk ere baditugu: 6 urtetik gorako haurrek musukoa jarri behar dute, baina haurrek arnas sistema erabat garatu gabe dute oraindik. Musukoa eramateak ez al ditu ondorioak izango? Gimnasia musukoarekin egitea osasungarria al da?».
Bi hitzaldi egunotan
Kezkak argitzeko eta hausnarketa sustatzeko, bi hitzaldi antolatu dituzte. Lehenena gaur bertan izango da: 18:00etan, Legazpiko kultur etxean. Haurren eskolaratzea koronabirus garaian du izenburua eta izena emateko mizelioug@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Hurrengo saioa hilaren 30ean izango da, 18:00etan, Urretxuko gaztetxean. Hitzaldiaren izenburua Mizelioak: burujabetza eta autogestioa osasun krisi garaian da. Hizlariak Joseba Argintxona eta Idoia Larrañaga izango dira, biak ere mizelio taldeen mugimenduko kideak.