Udazkeneko kulturaldia egingo dute Zerainen, igandean hasita
Aurten Udaberriko Kulturaldia egin ez dutenez, udazkenean hainbat ekintza prestatu dituzte. Parte hartzeko udaletxean izena ematea ezinbestekoa da
Aurten V. Udaberriko Kulturaldia egitekoa zen apirilean Zerainen, baina osasun egoera dela eta bertan behera geratu zen. Horren ordez, Udazkeneko kulturaldia prestatu du Zeraingo Udaleko Herri Bizitza batzordeak. Igandetik urriaren 30era bitartean hainbat ekintza egingo dituzte herrian.
Urriaren 25ean, hau da, igandean, jubilatu eguna gogora ekarriko dute zeraindarrek: 65 urtetik gorakoei goxo batzuk eramango dizkie udalak. Bazkaria egin ohi dute jubilatu eguna ospatzeko, baina aurten ezingo dute halakorik egin. Urriaren 26an, astelehenean, 19:00etan eliz atarian hasita, bisita gidatua egongo da Goierriko Bizi Ezkutua erakusketara, Lemniskata elkarteko Iñaki Mezkitarekin.
Urriaren 28an, berriz, asteazkenean, Asier Zabaleta zeraindarrak Transpirenaika: Pirineotan barrena ikus-entzunezkoa eskainiko du kultur etxean. Amaitzeko, urriaren 30an, 19:00etan, Ariztierdi aterpetxearen inaugurazioa egingo dute. Itxita egon da berrikuntza lanak egin dituztelako. Inaugurazioaren ostean 2020ko urtekariko azalaren lehiaketaren bozketa egingo dute frontoian mokadutxoarekin, eta herriko haurrek egindako marrazkiak jarriko dituzte ikusgai. Ekintza guztiek ordubete inguruko iraupena izango dute, eta ezinbestekoa da parte hartzaileek aldez aurretik udaletxean izena ematea.
Lemniskata elkartearen bisita gidatuaren harira, gainera, Goierriko Bizi Ezkutua erakusketa Kultur Etxean jarriko dute ikusgai urriaren 26tik azaroaren 15era bitartean.
Euskaraldiko banderolak
Bestalde, Euskaraldiko banderolak erosteko aukera izango dute zeraindarrek leiho edo balkoietan jartzeko. Mandio tabernan, Ostatu tabernan eta udaletxean eskuratu ahal izango dira 5 euroren truke. Zeraingo Euskaraldiko lan taldeak izena ematera animatu ditu herritarrak. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da 2020ko Euskaraldia. Euskara maila hobetzeko eta taldean euskararen erabilera handitzeko balioko du, besteak beste.













