Alarma egoera ezarri du berriz Espainiako Gobernuak
Etxeratze agindua jarriko da indarrean 23:00etatik 06:00ak arte. Autonomia erkidegoetako presidenteek ordubetez aurreratu edo atzeratu dezakete ordutegi hori. Alarma egoera 2021eko maiatzaren 9ra luzatzeko asmoa adierazi du Pedro Sanchezek Ministroen Kontseiluko bileraren ondoren egin duen agerraldian.
Iragarria zegoena gertatu da. Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri du berriz estatu osorako. Dekretu berriak gaueko konfinamendua jasoko du, eta ezingo da etxetik irten 23:00etatik 06:00etara bitartean, horretarako arrazoi zehatzik ez bada behintzat. Autonomia Erkidegoetako presidenteek, hala ere, ordutegi hori ordubetez aurreratu eta atzeratzeko aukera izango dute.
Gizarte bilkurak 6 lagunetara murriztea ere autonomia erkidego bakoitzeko presidenteen esku utzi du, baita autonomia erkidego batetik bestera joateko mugikortasuna ere.
Espainiako Gobernuak hamabost egunerako dei dezake gehienez alarma egoera, baina dekretuak jasotzen duenez, asmoa datorren urteko maiatzaren 9ra arte luzatzea da. Asteartean sinatuko du dekretua Ministroen Kontseiluak, eta luzapen hori Espainiako Kongresuak onartu beharko du datorren astean.