Beasaingo Mendi Astea gaur hasiko da
Nacho Merinok zabalduko du 13. edizioa. 'Pirinio zaletasuna bizimodu' hitzaldiarekin. Konferentzia guztiak Usurbe Antzokian izango dira, 19:30etan
Beasaingo Mendi Astearen 13. edizioa gaur hasiko da, 19:30etan, Usurbe Antzokian. “Mendiak igotzeko oztopoak gainditu eta zortea alde eduki behar izaten ditugun bezala, Mendi Astearekin aurrera egiteko ere zorte hori beharko dugu”, aipatu dute antolatzaileek. Beasaingo bi mendizale taldeek elkarlanean antolatzen dute zikloa, Arrastaka Mendi Taldeak eta Aizkorri Mendizale Elkarteak.
Hiru hitzaldiak doakoak izango dira baina edukiera kontrolatzeko sarrera hartu behar da antzokiko leihatilan. Sarrerak zenbakituak izango dira eta adierazitako tokian eseri beharko da, segurtasun tarteak mantentzeko. Une oro, musukoa jantzita eraman beharko da. “Beasaingo zinea kudeatzen duen lantalde profesionalak martxan daukan segurtasun protokoloaren zorroztasunak erabateko konfiantza ematen digu”.
Nacho Merinok zabalduko du zikloa, Pirinio zaletasuna bizimodu hitzaldiarekin. Merino Madrilen jaio zen, familia mendizale batean. Hortik datorkio mendira jotzeko zaletasuna, eta azken urteetan bere ogibidea bilakatu du. 20 urterekin Madril utzi eta Jakara lekualdatu zen, Pirinioen bihotzera, eta bertako Mendiko Etxea sortu zuen. Egoitzaren kudeatzailea izateaz gain, goi mendietako gida ere bada eta eski irakaslea. Beasainera bere bizipenak ekarriko ditu.
Mikel Zabalzaren txanda izango da bihar, Eskaladak Karakorumen hitzaldiarekin. Nafarrak bere burua “Pirineista amorratua” bezala definitzen duen arren, Asiara hamaika espedizio egin ditu munduko mendirik garaienak igotzeko. Karakorumen, Himalaiaren mendebaldeko mendi sisteman, egindako igoerak oroituko ditu Usurbe antzokian.
Carlos Soriak itxiko du zikloa, hirurogeita bost urtez mendiaz gozatzen konferentziarekin. 1939. urtean jaio zen, eta 81 urterekin hamalau zortzimilakoen atzetik jarraitzen du. Bere ametsa munduko hamalau mendirik garaienak igo dituen pertsonarik helduena izatea da: hamar jada igo ditu eta, are gehiago, K2 (65 urte), Broad Peak (68 urte), Makalu (69 urte), Gasherbrum I (70 urte), Manaslu (71 urte), Kanchenjunga (75 urte) eta Annapurna (77 urte) igo dituen mendizalerik beteranoena da. Udaberrian Dhaulagirira joango da, bertan ere marka berria jartzera.
Gaur, Pirinio zaletasuna bizimodu. Hizlaria, Nacho Merino. |
Bihar, Eskaladak Karakorumen. Hizlaria, Mikel Zabalza. |
Etzi, hirurogeita bost urtez mendiaz gozatzen. Hizlaria, Carlos Soria. |
Hiru hitzaldiak Usurbe antzokian izango dira, 19:30ean. Sarrera eskuratu behar da antzokiko leihatilan. |