Kanpandegin ikasgaia hartuz
Ingeniaritza Zibileko ikasleak Lazkaon eraikitzen ari diren industrialdean izan dira. Sprik han aurkeztu die hirigintzako garapen jasangarrirako gidaliburua
Telematikaren garaiotan, obra-oineraino joan eta bertatik bertara ezagutu dituzte EHUren Donostiako Ingeniaritza Zibileko Fakultateko 4. mailako ikasleek teoriak. Lazkaon izan zen talde bat, ostiralean, eta Kanpandegi eremuan Goierri Beheko Industrialdea eraikitzen ari den urbanizazioa ikusi zuten.
Industri lurrak eta eraikuntzak sustatzeko Spri erakundeak, bere aldetik, Urbanizazio Proiektuen Garapen Jasangarrirako Gidaliburua aurkeztu du, han bertan. Unibertsitateko ikasleek Proiektuak, obren plangintza eta kudeaketa; segurtasuna eta legeria ikasgaian txertatuta daukate garapen jasangarria, 2011tik. Aldian behin eguneratzen denez urbanizazio eta eraikuntza arloetako araudia, azkeneko aldaketak ulertzeko bertatik bertara jarraitu dituzte Kanpandegiko eraikitzaileen, Lazkaoko Udaleko alkatearen eta Spriko ordezkarien azalpenak.
Ia urtebete lanean
Industrialdea eraikitzeko lanak otsailean hasi zituzten. Lur mugimenduak eta mendi-jate lanak burututa, urbanizazioa eraikitzeko fasean dago orain. Hiru partzela industrial sortuko dituzte bertan. Han altxatuko dituzten eraikinek bi altuera edukiko dituzte. Partzela batek 3.000 metro koadroko okupazio azalera izango du, eta 6.000 metroko azalera eraikigarria. Beste bi partzelek 4.500na metro koadro hartuko dituzte, azalera probetxagarri bikoitzarekin. Denera, 19.500 metro eraikigarri sortuko dira industrialdean.
Sarbidea errotondatik izango du, eta barruko errepide zirkular batek inguratuko ditu pabiloien hiru eremuak: lehen errotonda ondoan, eta beste biak Ataun alderako, elkarren ondoan. Eraikitako metroez gain, 12.788 metro koadro espazio libre izango du.
Behin urbanizazio lanak amaitutakoan, 4.500 metroko azalerako partzelan pabiloiak eraikitzeari ekingo dio Goierri Beheko Industrialdeak. Saldu ondoren hasiko lirateke bigarren fasearekin. 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo dute denera.