Osinberdeko kanala lehertu, eta errekako urak arretu dira Zaldibia
Zaldibian kalte nabarmenak eragin ditu ubide bat lehertzeak. Ostiralean, Beasaingo CAF enpresak Aralarko urak biltzeko eta bideratzeko eraikitako sarean, Osinberdeko kanala lehertu zen. Arkaka aldean lur lerradurak eta luiziak sortu zituen ur isuriak.
Kalean ere begibistakoa izan zen ondorioa, Amundarain errekako urak arretuta eta lohiz zikinduta iristen hasi zirenean.
Edateko uraren sare publikoari ez dio eragin, hala ere. Kanalaren aldamenean doa uraren hodia, baina ez da hautsi.
Bide-obrez inguratuta
Bestetik, errepideak konpontzeko lanekin erabat inguratuta dago Zaldibia. Herri bueltako errepide nagusi guztietan ari dira, aldi berean, lanean. Iraolaenetik Ordizia aldera horma egiten ari da aldundia; ostegunean Larraitz alderako bidea asfaltatzen hasi ziren; atzo Arkakako bidean horma bat eraikitzen, Errekalde eta Konporta artean.













