Trenasaren itxiera geldiarazi dutela jakinarazi dute
CCOO sindikatuak dio, enpresaren zuzendaritzak kaleratzeak hiru hilabetez geldiarazteko konpromisoa agertu diola, kontratu berriak lortzeko aukera ikusita.
CAFen filiala den Castejongo (Nafarroa) Trenasa enpresa ez dute itxiko. Hala dio behintzat CCOO sindikatuak argitaratu berri duen oharrak. Zuzendaritzak sindikatuari jakinarazi dionez, aurreikusitako kaleratzeak hiru hilabetez geldiaraztea erabaki dute, Espainiako trengintza merkatuan kontratu berriak lortzeko aukera ikusi eta gero.
CCOOren arabera “mobilizazio eta presio prozesu baten ondoren” etorri da zuzendaritzaren erabakia. Langileek Aldi Baterako Erregulazio Espedientean jarraituko dute, ekainean adostutako baldintzetan, eta datozen hiru hilabeteetan behintzat, ez da kaleratzerik izango. Sindikatuaren ustez “Trenasako 110 lanpostuak mantentzeak estrategikoa” izan behar du Nafarroarentzat, eta administrazioari eskatu dio “laguntza publikoen ordaina eta praktika enpresarial ez-etikoak ekiditeko aukera legalen inguruan gogoeta” egin dezala.
Azkenik, CCOOk langileek haien lanpostuen defentsan egindako “mobiliziazioek eta presioak suposatu duen ahalegin handia” eskertu nahi izan du. “Zalantzarik gabe, presio sindikala eta langileen batasuna eraginkorrak eta beharrezkoak dira, zailtasun ekonomiko eta sozialen garaian”.