«Arazorik ez dagoen tokian ez dugu arazorik sortu nahi»
Arrastaka Mendi Taldeak ez du Ehunmilak proba antolatuko 2021. urtean. Indarrak pandemia gainditzera bideratu behar direla dio Mikel Valdivielsok, eta ez dute jende pilaketarik bultzatu nahi.
Arrastaka Mendi Taldeak aurreko astean iragarri zuen Ehunmilak, G2H eta Marimurumendi probak ez direla egingo 2021. urtean. Bigarren urtea izango da lasterketak ez direla egiten, eta Mikel Valdivielso (Beasain, 1977) antolatzaileak onartu du «kolpe gogorra dela», baina ez dela proiektuaren amaiera.
2021. urtean ere ez dira egon Ehunmilak Ultra Traila, G2H Traila eta Marimurumendi Mendi Maratoia. Zer dela eta?
Hamaika arrazoi eman ahalko nituzke, baina nagusia ardura soziala da. Arazorik ez dagoen tokian ez dugu arazorik sortu nahi. Pandemia egoeran bizi gara eta uste dugu esfortzu guztiak egoera hau gainditzera jarri behar ditugula eta, horri lotuta, ez egitea erabaki dugu. Egia da egoera oso aldakorra dela eta egunero albiste berriak ateratzen direla, baina zoritxarrez ez dira onerako izaten ari.
Hilabeteak falta dira oraindik. Zergatik ez duzue gehiago itxaron? Garrantzitsua zen garaiz abisatzea?
Antolakuntzakook izan dugu eztabaida hori, hilabeteak daramatzagu erabaki hau hausnartzen. Azkenean, Ehunmilak jendea da, milaka jende: zenbat boluntario, zenbat ikusle, zenbat korrikalari… Momentu honetan behar ez duguna da jende guzti hori pilatzea, hor baitago arriskua. Ehunmilak jende gutxiagorekin egiteko aukera aztertu genuen, baina gure printzipioen eta filosofiaren kontra joango litzateke. Guzti hori balantzan jarrita, garbi genuen nahi ez genuen Ehunmilak bat ez genuela antolatuko. Ez genion zentzurik aurkitzen orain Ehunmilak ospatzea. Arrazoi asko genituen ez egiteko eta oso gutxi egiteko. Etorriko da 2022a eta egingo dugu inoizko Ehunmilarik onena, orain arte ezagutzen dugun modukoa.
2022rako itxaropena baduzue.
Proiektuari jarraikortasuna ikusten diogu, dudarik gabe. Gu ez gaude hilda, nolabait esatearren, ralenti moduan gaude. Lanean jarraitzen dugu. Ehunmilak bezalako proiektu bat antolatzea urte osoko lana da eta jada etorkizunari begira gaude. Gabezia batzuk identifikatuta ditugu eta orain astia dugu arazo txiki horiei buelta bat emateko eta konponbidea emateko. Besteetan denboraz larriago ibiltzen gara eta orain hori ez da aitzakia izango. Gu bueltatuko gara eta, seguruenik, inoiz baino indar gehiagorekin eta proba hobeagoarekin itzuliko gara.
Probarik egingo ez de bigarren urtea izango da. Zein ondorio ekarriko du?
Ondorioak edukiko ditu, seguru. Ekonomikoki, pandemiak mundu osoa astinduko du. Zer esanik ez, Ehunmilak. Ikusi egin beharko da orain arteko gure babesleen egoera zein den, instituzioena, udalena, enpresena… Galdera asko ditugu argitzeko. Elkarren arteko hartu-emana etengabea da eta elkarlanean jarraitzeko pronto gaude, edozein eratara. Beraiek ulertzen dute gure egoera eta guk ulertzen dugu beraiena. Eskertzen da ingurukoek halako jarrera izatea, beraien laguntzarik gabe guzti hau ez baita egingarria.
Eta antolatzaileak nola zaudete animoz?
Ez da inoren gustukoa onartzea zure biziko proiektua ezingo dela egin. Are gehiago, pandemia egoera bategatik. Kolpe gogorra da. Inork ez zuen imajinatzen egoera hau, baina gertatu da. Jakin behar dugu guru buruari reset egiten eta ez ahaztu noizbait berreskuratuko dugula iraganeko normaltasuna. Ez dakit noiz, baina berreskuratuko dugu. Espero 2022. urterako izatea eta ordurako itzuli ahal izatea.
Erritmoa galdutakoan berriz hastea ez da erraza izango.
Horretarako garrantzitsua da tentsioa mantentzea, gure proiektua bizirik mantentzea. Lehen aipatzen nuen ralenti egoeran gaude, geldi baina motorra martxan aukera dugunerako bueltatu ahal izateko.
Antzizarko eskalada ikastaroa ez da egingoBeasaingo Mendi Astearen barruan larunbaterako aurreikusitako eskalda ikastaroa ez da egingo. Antzizar kiroldegiko rokodromoan egitekoak ziren baina egoerak ezinezkoa egin du. Sei laguneko mugak eta kutsatzeak ekiditeko ardura sozialak atzera bota ditu antolatzaileen asmoak. Halere, Antzizar kiroldegia irekita dago eta eskalatu nahi duenak aukera badu, aurrez hitzordua eskatuta. Banaka egin behar da eta 21:00etarako amaitu egin behar da, ordutegia mugatu baitute.