Beasaingo 13. Mendi Astea martxan da, segurtasun neurriekin
Beasaingo Mendi Astean Mikel Zabaltzaren txanda izango da gaur, 19:30etan Usurbe Antzokian. Eskaladak Karakorumen konferentzia emango du, eta Himalaiara egindako espedizioak gogoratuko ditu. Carlos Soriaren txanda izango da bihar, ordu eta toki berean. Soriak hamalau zortzimilakoak igo dituen mendizalerik beteranoena izan nahi du, eta bere proiektua plazaratuko du Hirurogeita bost urtez mendiaz gozatzen hitzaldian.
Arrastaka Mendi Elkartea eta Aizkorri Mendizale Taldea dira zikloaren antolatzaileak. Aitortu dute aurrera egin ala ez zalantzak izan zituztela, baina «erakunde ezberdinen aldetik jaso dugun elkartasuna eta horri antolatzaileok dugun ilusioa gehituz gero balantzak Mendi Astearekin aurrera egitearen aldera garamatza», esan dute. Gogotsu daudela aitortu dute, baina «mendiak igotzeko oztopoak gainditu eta zortea alde eduki behar izaten ditugun bezala, Mendi Astearekin aurrera egiteko ere zorte hori beharko dugu».
Segurtasuna
Hitzaldiak doakoak izango dira baina edukiera kontrolatzeko sarrera hartu behar da antzokiko leihatilan, 19:00etatik aurrera. Sarrerak zenbakituak izango dira eta adierazitako tokian eseri beharko da, segurtasun tarteak mantentzeko. Une oro, musukoa jantzita eraman beharko da. «Beasaingo zinea kudeatzen duen lantalde profesionalak martxan daukan segurtasun protokoloaren zorroztasunak erabateko konfiantza ematen digu». Saioak amaitutakoan mailakatuta irten beharko da eta kalera irten arte ez gelditzeko eskatu dute, pilaketarik sortu ez dadin.