Goienerrek Erika Martinez izendatu du lehendakari
Goiener taldeak Kontseilu Errektorea eta lehendakaria berritu ditu, aparteko batzar orokorrean. Martinez gasteiztarra izango da lehendakari kargua hartu duen lehen emakumea.
Goiener taldea zuzendaritza organo gorena eta haren lehendakaria berritzeko prozesuak burutu ditu. Urriaren 21ean egin zuten aparteko batzar orokorrean, Kontseilu Errektorea berritu zuten. Biharamunean, zuzendaritza talde berriak, Erika Martinez Lizarraga (Gasteiz, 1985) aukeratu zuen Goiener Kooperatibaren lehendakari. Postu hori hartu duen lehen emakumea da.
Joanes Maizari hartu dio lehendakaritza txanda Martinezek. Goiener sortu zenetik, Maiza izan da kooperatibaren buru.
Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziaduna EHUn, 2015ean sartu zen Goienerren, komunikazioko arduradun gisa. Ekonomia karrera ikasten ari da egun. Equo alderdiaren Euskadiko Mahaiko kide eta bozemaileetakoa da.
Komunikazio taldea koordinatzeaz gain, Harreman Instituzionaletako eta Berdintasun Taldeko partaide ere izan da, Goiener Taldean.
Lehendakari kargua hartu bezain pronto, eskerrak eman dizkie aurreko lehendakariari eta Kontseilu Errektoreari, «egindako lan eskergagatik». Ilusioz hartu du ardura, eta Kontseilu berriaren parekidetasunaz poztu da. Lehendakariorde Arantza Saenz de Ugartek jarraituko du, eta idazkari Alfonso Garcia da. Maitane Berasategi, Chris Merveille, Ines Castiella, Alejandro Lopez, Nora Erdozia, Jorge Martinez eta Usurbil LHII zentroa dira beste batzordekideak.
«Energia-trantsizio zuzen, demokratiko eta parte-hartzailearen alde» jarraituko dutela aurreratu du Erika Martinezek.