Goierritarren irudidun egutegia
Bailarako hiru argazkilariren argazkiak aukeratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021eko egutegirako. Carlos Mediavilla, Iker Gutierrez eta Jose Miguel Romero, sarituta
Ahazteko modukoa izaten ari den 2020a bukatzeko bi hilabete besterik ez da falta. Kostatzen ari den arren, mundua agian ez, baina denbora aurrera doa, eta han-hemenka hasita daude 2021eko egutegiak ateratzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, adibidez, argazki lehiaketan saritutako irudiekin ilustratuko du. Eta goierritar kolore aipagarria izango du, saritutako 13 argazkilarietatik hiru baitira eskualdekoak.
Hasi eta buka, Goierriko ukituarekin egingo du Gipuzkoako 2021eko egutegiak. Carlos Mediavilla urretxuarrak ateratako argazki batek hornituko du urtarrileko orria. Antioko baselizaren (Zumarraga) atariko mailadia eta aurrealdea ikusten dira bertan, Aralar aldetik egunsentiaren lehen argi printzak ernetzen ari diren bitartean.
Urriko hilabetea, berriz, Iker Gutierrez zumarragarrak Saturraranen egindako argazki batek ilustratuko du. Esposizio luzearekin erretratatu du itsasertza, ilunpetan dauden harkaitzen atzean arrastiri gorrizta duela.
Abendua, Ordiziatik
Aldundiak 1.115 argazki jaso ditu egutegiko lehiaketarako, Gipuzkoako Argazkilaritza Elkartearekin elkarlanean. 13 partaide saritu dituzte: sari orokorra eta egutegiaren azalean joango den argazkiaren egilea Iker Aizkorbe aretxabaldarra izan da (1.000 euro). Beste hamabi ere saritu dituzte, hilabete bakoitzeko bana (250na euro). Gipuzkoako turismoa jarri diete gaitzat.
Azken saritu horien artean dago Jose Miguel Romero ordiziarra ere, Mediavilla eta Gutierrez bezala. Abenduko orrian argitaratuko dute hark ateratako argazkia. Irailean, Vianako (Nafarroa) I. Argazki Lehiaketa ere irabazi zuen Romerok.