«Nobela beltza asko gustatzen zait, eta kutsu hori eman diot»
Gibolako sekretuak izandako arrakastaren ondoren, trilogia izango denaren bigarren partea idatzi du Ane Odriozolak, 'La sombra de Gibola' izenarekin. Berriz ere Circulo Rojo argitaletxearekin atera du, amari eskainita.
Gibolak lehen sekretua zuen, orain itzala jarri diozu.
Bai. El secreto de Gibola (Gibolako sekretua) liburuaren bigarren zatia da La sombra de Gibola (Gibolako itzala). Lehen eleberria bi denboratan kontatuta zegoen, eta bigarrenean istorio berria itxitzat eman dut, baina zaharrak jarraipena du. Lehen liburuaren amaieran pertsonaietako bat Donostiara joan zen, eta handik 25 urtetara berreskuratu dut istorioa.
Misterioa al da ardatza berriz?
Desberdina da hau, beltzagoa. Asko gustatzen zait nobela beltza eta aire hori eman nahi nion.
Legazpin kokatzen da?
Bai. Donostiara joaten den pertsonaiak anonimo bat jasotzen du, eta horren atzetik nor dagoen jakiteko Legazpira itzuli beharko du. Legazpiko kalean kokatu dut trama.
Zein garaitako Legazpi deskribatu duzu oraingoan?
1950eko hamarkadaren erdialdekoa. Ez da asmatutako Legazpi bat, baizik eta benetazkoa, eta asmatutako pertsonaiekin batera existitu ziren pertsona dexente sartu ditut, nire familiako batzuk tartean. Baina lekuak eta Legazpi garai hartan nolakoa zen, horiek benetakoak dira.
Non dokumentatu zara?
Aurrekoan bezala, Jose Mari Urzelairen liburuek informazio pila bat eman didate, baita Iñaki Beldarrainek Patrizio Etxeberriari buruz idatzitakoak ere. Burdinola elkartearen Txinpartak aldizkaria ere erabili dut. Eta garai hura ezagutu zuten legazpiar batzuk elkarrizketatu ditut.
Zuzeneko testigantzak, beraz.
Bai, bost-bat pertsonarekin egon naiz, 80 urtetik gorakoak denak. Legazpi nolakoa zen, kaleak, dendak… kontatu didate. Orain horietako batzuk ez daude edo asko aldatuta daude, eta liburuaren amaieran leku haiek gaur egun zer diren azaltzen dut, batez ere kanpoko jendearentzako.
Liburua ez da orduan legazpiarrentzat bakarrik.
Ez. Lehenengoa ere ez, baina egia da hemen kokatuta egotean hemengo jendearentzako beste kutsu bat duela. Horregatik honetan ere Legazpiko informazio asko sartu dut.
Hala ere, kanpoko askok irakurri dute sekretuaren liburua, eta Andaluziatik edo Galizatiko idatzi didate asko gustatu zaiela esateko.
Legazpiarrek zer esan dizute?
Legazpiarrei ere gustatu zaie, batez ere nobela bat irakurtzea toki guztiak ezagututa, ia bertan zeudela sentitzen zutela esan didate askok.
Nolakoa izan da bigarren liburu honen idazketa prozesua?
Desberdina izan da, lehenengoa baino askoz ere motzagoa, denbora erdian edo idatzi dut. Eta oso desberdina; lehena zerotik hasita idatzi nuen, eta bigarrena askoz ere zailagoa izan da, lehen liburuan idatzitako gauza batzuk errespetatu behar nituelako. Sekretuaren liburuan, adibidez, pertsonai bat hil egiten zela kontatzen banuen, bigarrenean ezin nuen berpiztu. Orduan ez nuen asmorik bigarren liburua idazteko, eta orain mugatuta egon naiz alde horretatik. Jakin izan banu bigarren zatia idatzi behar nuela, seguraski prestatuta utziko nuen lehen liburua, eta Legazpiri buruzko informazioa ere dosifikatu egingo nuen.
Bigarrena idatzi behar zenuela diozu. Behartuta ikusi al duzu zeure burua ala?
Ez, nahi izan dudalako egin dut, baina jende askok eskatu dit, presio pixka bat sentitu dut, bai.
Denbora gutxiagoan idatzi duzu.
Bai, baina garaiak ere desberdinak dira. Lehen liburuarekin nire haurrak txikiagoak ziren eta ez neukan denborarik; orain 6 eta 10 urte dituzte, eta idazteko tarte batzuk hartzen uzten didate. Idazteko modua ere ez da berdina izan, hasieran argitaratuko asmorik ez nuenez, tarteka idazten nuen bakarrik… Oraingoan, konstanteagoa izan naiz, banuelako helburu bat, bi urte baino gehiago ez pasatzea bi liburuen artean, denbora gehiegi iruditzen zitzaidalako.
Eta bete duzu?
Bai! Astelehenean bi urte bete ziren lehen aurkezpenetik.
Haren erantzun ona ikusita, ez dizu beldurrik ematen?
Noski. Lehenengoa hainbeste gustatuta, hau ez bada gustatzen? Ardura sentitzen dut. Hirugarren zatia egiteko asmoa dut, eta oraingoa horretarako prestatuta utzi dut. Baina ez bada ondo ateratzen, ez dut egingo hirugarrena. Ilusioa, hala ere, badut.
Ilusioa, zertarako? Besteentzako idazteko, ala zeuretzako?
Niri asko gustatzen zait idaztea. Liburu bat autoeditatu egiten duzunean ikaragarrizko lana dago: bata, ordenadorearen aurrean egiten dena da, hau da, istorioa asmatu eta idatzi, eta bestea oraintxe egiten ari naizena, kartelak diseinatu eta jarri, argitaletxearekin harremanak, aurkezpena, book trailerra… Biak gustatzen zaizkit, baina idaztea da gehien gustatzen zaidana.
Irakurleak zain-zain dauzkazu.
Bai, hori bai. Nire inguruko batzuek irakurri dute eta asko gustatu zaiela esan didate. Liburu hau beltzagoa izateaz gain, beste modu batera dago idatzita, eta kapituluetan barrena bi denboretan saltatu beharrean, oraingoan pertsonai batetik bestera egiten dut salto; sekretuaren liburuak 11 kapitulu zeuzkan, eta honek 48, motzak eta azkarrak. Irakurtzerakoan kapitulu batek bestearekin zerikusirik ez duela eman dezake, baina amaieran dena lotuta dagoela ikusiko da. Ea gustukoa duten irakurleek.
Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Institutu garaitik irakurri gabe nengoen, amak harra sartu zidan arte. Oso irakurzalea da, eta liburuak gomendatzen hasi zitzaidan. Behin, liburu bat idaztea zaila izango zela esan zuen, eta nik erantzun nion zer kontatua izanda edo istorioa zein izan behar den argi edukita, ez dela hain zaila izango. Bat idatziko nuela esan nion gainera, eta esan eta egin. Etxekoentzako bakarrik izan behar zuen, baina dokumentazio lana egin nuen eta horrekin asko disfrutatu nuen, Legazpiko kontu asko ezagutu nituelako. Lau urte behar izan nituen, baina amaitu nuen.
Baina gaztelaniaz idatzi zenuen, eta bigarren zatia ere bai. Euskaraz ez duzu idazten?
Zailagoa egiten zait, baina saiatu naiz, eta emaitza onekin gainera. Kontu edo istorio labur bat idatzi nuen eta Iparragirre sarietara aurkeztu eta irabazi egin nuen. Gehiago ere idatzi ditut, eta beste batekin Durangoko liburu denda bateko lehiaketan finalista izan nintzen.
Gehiago etorriko dira gero?
Bai, seguru, bai euskaraz baita gaztelaniaz ere. Gibolako trilogia amaitzerako, beste liburu bat daukat buruan.
Aurkezpenaren ordez, liburuak sinatzeko ekitaldiaUrriaren 26an, astelehenean, bi urte bete ziren Ane Odriozola Ciak El secreto de Gibola eleberria aurkeztu zuenetik, Brinkolako izen bereko baserrian gertatutako jazoera misteriotsu batetik abiatutako istorioa kontatzen zuen. Aurreko mendearen hasierako Legazpi deskribatzen zuen, eta tramarekin batera, horixe izan zen liburuaren arrakastaren gako nagusietako bat. Bi urtera, lau edizio ditu dagoeneko, eta sari garrantzitsu bat, Circulo Rojo argitaletxearen 2019ko saria, misterio atalean. Orain Gibolan abiatu zen abenturaren bigarren zatiarekin dator, sekretua itzal bihurtuta, jarraipena eman dio istorioari, eta La sombra de Gibola izenarekin bataiatu du. Liburua bihar Latxartegi aretoan aurkeztekoa zen, baina alarma egoeraren ondorioz, bertan behera utzi behar izan du ekitaldia. Horren ordez, liburuak saltzen eta sinatzen egongo da bihar, 18:00etatik 19:30era, udaletxe aurrealdean.