Oiharte sagardotegiak bi domina irabazi ditu Asturiasko SISGA sarietan
'Ama' apardun sagardoari urrezko domina eman diote, eta izotzezko sagardoari zilarrezkoa.
Zeraingo Oiharte sagardotegiak bi domina jaso ditu Asturiasko SISGA 2020 topaketako Sidras de Gala sariketan. Mundu mailako sagardorik berezienak saritzen dituzte gala horretan. Ama apardun sagardoari urrezko domina eman diote, eta Oiharte izotzeko sagardoari zilarrezkoa. Pasa den asteburuan egin dute topaketa, Xixonen. Lehiaketan 72 etxetako 355 sagardok parte hartu dute, 18 kategoriatan banatuta.
Ama sagardo aparduna 2015. urtean hasi ziren egiten Oiharte sagardotegian. Errezil Sagarrarekin egindako sagardo naturaletik abiatu eta metodo tradizionala erabiliz, boteilan bigarren fermentazio bat eginez lortzen da. Prozesu horrek gutxienez 6 hilabete irauten du eta lortzen den produktua, “apardun edari freskagarri bat da, ahoan fina, burbuila txikiez osatua eta kolore argikoa”.
Oiharte izotzezko sagardoa ere 2015eko uztarekin batera hasi ziren ekoizten. Sagardo mota hau ere Errezil sagarra prentsatuz lortzen da; prentsatu ondorengo muztioa bi aldiz izoztu eta desizoztuz muztio kontzentratu bat lortzen da ura kenduz, ondoren fermentatzen uzten da eta 9-10 gradu inguru dituenean filtratu eta pasteurizatu egiten da. Emaitza “urre koloreko sagardo disdiratsu bat da, ahoan gozoa, sagar zapore handikoa eta gusto iraunkorra” uzten duena.
Etxera banatzen
Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, Oiharten sagardoa etxera banatzen hasi ziren, eta horretan jarraitzen dute oraindik ere. “Gabonetako opari gisa zerbait berezia” egin nahi duenak ere, badu eskaera aurrez egiteko aukera, 686 299 158 (Haritz) telefono zenbakira deituta edo info@oiharte.com helbidera mezu bat bidalita.