Etengabeko Arreta Gunea egunero zabaltzeko eskatu dute kalean
Osasungintzako sindikatuek deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute Zumarragan, bertako EAG egunero eta 24 orduan zabal dezatela eskatzeko.
Gaur arratsaldean Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunearen aldeko kontzentrazioa egin dute. Ehunka bizilagunek egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzea eskatu dute. Lehen hala irekitzen zen, koronabirusa heldu zen arte. Osakidetzak itxi egin zuen koronabirusari aurre egiteko eta urriaren 3an ireki zuen berriro, baina larunbat, igande eta jai egunetan bakarrik irekitzen da, 09:00etatik 21:00etara. Kontzentrazioa Erakunde Sanitario Integratuan ordezkaritza duten sindikatu guztiek deitu dute.