Musika bandak ere protokolo bila hasi dira
Bigarrenez, jarduera eten egin behar izan du Legazpi Musika Bandak kontzertu baten atarian. Geldialdi berrian entsaio eta emanaldiekin nola jokatu behar duten zehaztu nahi dute orain Gipuzkoako bandek.
Aho bete hortz geratu dira pandemia hasi zenetik bigarrenez Legazpiko Musika Bandako kideak. Martxoan lehen alarma egoera ezarri zenean, udaberriko kontzertuaren atarian zeuden eta ezin izan zuten jo Latxartegi aretoan; udazkeneko kontzerturako hiru egun eskas geratzen zirenean, Legazpi gune gorrian sartu zen eta emanaldi hori ere, urriaren 25ekoa, bertan behera utzi zuten.
Baina lehenengo zaplaztekoaren ondoren bezala, oraingoan ere musika ez da geldituko eta bandako musikariak, Legazpikoak zein Gipuzkoako bandetakoak, hasi dira euren jarduera aurrera eraman ahal izateko protokolo baten bila.
Izan ere, Jesus Castillejo Legazpiko bandako zuzendariak dioen bezala, «bandak talde biziak dira, eta jarduerarik ez badute, hil egiten dira». Hori dela eta, bigarren geldialdi honen aurrean, entsaio, emanaldi eta bestelako ekintzekin nola jokatu behar duten zehaztuko duten irizpideak eta protokoloa ezartzeko lehen urratsak egiten hasi dira.
Konfinamenduko banda
Legazpiko bandako kideak «oso arduratsuak» direla dio Castillejok, eta konfinamendu garairako planteatu zuten entsaio sistemarekin «oso ondo egokitu» zirela. «Pieza batzuk aukeratu eta banatu genituen, bakoitzak berea ikasi behar izaten zuen aste beteko epean, eta gero niri bidali grabazio batean». Zuzendariaren lana etortzen zen gero, eta grabazio horiek zuzenduta itzultzen zituen, zuzentzeko ezer bazegoen behintzat. «Beraz, bandak lanean jarraitu zuen».
Bestetik, konfinamendu garaian eszenatokien eszenatoki bihurtu ziren balkoiak ere baliatu zituzten musikak etenik izan ez zezan, eta bandako askok instrumentuak hartu eta bizilagunen itxialdiak alaitzen jardun zuten. «Horrek guztiak sasoian jarraitzen lagundu digu, gu kirolariak bezalakoak garelako».
Itxialdia amaitutakoan kalejiran ateratzeko aukera ere izan zuten, Hegialden lehenik, auzoko festak gogoratzeko, eta erdiko kaleetan gero. Ilusioz eta gogoz egindako kalejirak izan ziren, eta herritarrek ere ilusioz eta gogoz hartutakoak.
Irailean aurrez aurreko entsaioekin hasi ziren. Doinu Eder eraikinean duten lokala handia izanik, eta entsaioak taldeka egiten zituztela kontuan hartuta, ez dute arazorik izan segurtasun neurriak betetzeko garaian, «gainera, leihoak zabaltzen genituen, bizilagunen pozerako, zorionez». Urriaren 25eko kontzertua zuten jomuga, eta taldeka entsaiatu ondoren, bi entsaio orokor ere egin zituzten, bandakide denak batera, Urbeltz pilotalekuan.
Baina ezin izan da. «Kontzertua oso ondo prestatuta genuen, ustekabeko amaiera eta guzti, oso polita zen». COVID-19agatik gorriz markatutako herri bilakatu zen Legazpi, eta «arduragatik, udalarekin batera hartutako erabakiaren ondoren, emanaldia bertan behera utzi genuen». Ez zen gustuko erabakia izan ez musikarientzako, ezta zuzendariarentzako ere, jende aurrean jotzea denei gustatzen zaielako. «Amorrua, etsipena…» nagusitu ziren, baina kontzertua egin ez badute ere, musikariek aurretik egin duten lana «goraipatzekoa» dela dio Castillejok, «kontzertuak ondo daude, baina niretako entsaioetako lanak ere oso garrantzitsuak dira».
Protokolo eske
Udazkeneko kontzertua bertan behera uztearekin batera, Legazpi Musika Bandaren jarduna ere eten egin da, «momentuz». Neurri oso zorrotzak ezarri dituztela dio Castillejok, eta sei lagunetik gora elkartu ezina bandaren kalterako dela, «printzipioz» entsaioak ezinezko egiten dituelako. Printzipioz dio, ezjakintasuna delako nagusi. Murrizketek eta baldintzek nondik nora joko duten ez dakite,
Gipuzkoako banda guztien artean zabaldu den kezka da hori, eta zuzendariak harremanetan jarri dira elkarren artean, irtenbide bila. Foru aldundira jo dute lehenik, protokolo bat eskatzeko, «abesbatzen elkarteak egin zuenaren antzekoa».
Castillejok azaldu duenez, musika bandak «linboan daude». Hezkuntzan, adibidez, 25 laguneko taldeak elkartzea baimenduta dago eta «teorian, musika eskolako banda elkartu daiteke entsaiatzeko, talde txikiagoa delako eta hezkuntza alorrekoa delako». Musika banda handiarekin ez dago hain garbi, «oraintxe ezin gara elkartu sei lagun baino gehiago. Eta gero, egoera arintzen denean zer gertatuko da? Sei lagun izango da muga? Zergatik ez gehiago, segurtasun distantziak eta mantentzea badugu? Aurrez aurreko entsaioekin hasteko protokolo baten beharrean gaude».
Azken finean, musika gainerako herritarrei helaraztea da musikarien gogoa, baina «guztientzako modu seguruan».