Segurako argazki lehiaketan parte hartzeko epea azaroaren 12an amaituko da
Ohi bezala, urteko egutegia osatuko du Segurako Udalak argazkiekin. Azaroaren 20an argitaratuko dute aukeratuen zerrenda eta sari banaketa abenduaren 12an izango da
Segurako Argazki Lehiaketaren 13. edizioa izango da aurtengoa, Urtero bezala, Segurako Udalak urteko egutegia argitaratzeko helburuz antolatu du ekimena, Argazkiak udaletxean aurkeztu behar dituzte parte hartzaileek azaroaren 12a baino lehen. Seguran erroldatuta egotea ezinbestekoa da lehiaketan sartzeko.
Aurkeztutako argazkiek orijinalak izan behar dute, ukitu gabeak eta aurretik saririk lortu ez dutenak. Bi euskarritan aurkeztu beharko dituzte: paperean, gutxienez 10×15 tamainan, eta euskarri zurrunean, hau da, CD edo USB batean. Gutxienez 300 pixeleko erresoluzioa izan behar dute, jpg edo tiff formatuan, eta gehienez ere hiru argazki aurkezteko aukera izango du argazkilari bakoitzak.
Segurako Argazki Lehiaketa izanik, herriko txoko edo elementuren bat agertu beharko da argazkietan Segura dela ziurtatzeko. Kartazal batean aurkeztuko dira proposamenak, argazkiaren atzealdean izenburua idatzita. Argazkilariaren datuak beste kartazal batean sartu behar dira, izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia idatzita. Ez dituzte onartuko argazkian egilearen datuak dituzten proposamenak. Udalak argi utzi du lehiaketatik kanpo geratuko direla bereizkeria, arrazakeria, homofobia, indarkeria edota sexismoa isla dezaketen argazkiak.
Sariak, abenduan
Argazki guztiak jasota, aukeraketa egingo du epaimahaiak. Aukeratuen zerrenda azaroaren 20an argitaratuko dute Segurako Udaleko iragarki-oholean eta webgunean eta sari banaketa abenduaren 12an izango da, Segurako 14. Euskal liburu, disko eta jostailuen azokan. Irabazleak 300 euro jasoko ditu, eta bigarren sailkatuak 150 euro. Udalak erabakiko du epaimahaia nork osatuko duen, eta sariak eman gabe uzteko ahalmena izango du. 2019an Joseba Telleria Albizu izan zen irabazlea.
2021eko egutegia osatuko du Segurako Udalak 13. Argazki Lehiaketaren bidez. Herriko merkatari eta zerbitzuek ere egutegiarekin kolaboratuko dute. Lehiaketan parte hartzen duten argazkien jabetza udalaren esku geratuko da.