Azokak, asterokoak bakarrik
COVID-19ak eraginda, bertan behera geratzen ari dira jende asko elkartzen duten ekitaldiak, eta azoka bereziak ere ez dira salbuespen bat. Gipuzkoan, berrogei baino gehiago antolatu ohi dituzte azaro-abenduetan. Azoketan izaten diren ekoizleek diote diru iturri garrantzitsu bat galduko dutela.
Urte arrunt bat izan balitz, gozogilez beteko lirateke bihar Tolosako kaleak, Tolosa Goxua egiteko. Etzi, berriz, urteko egunik jendetsuena izango litzateke Itziarren, jendetza erakartzen duelako Domu Santu egunez han urtero egiten duten feriak. Ez dira egingo, ez bata eta ez bestea. Ezta azaroan egin ohi diren Mutiloako Txerri Eguna, Usurbilgo artisau azoka eta Erle Eguna, Eibarko eta Azkoitiko San Andres jaietako azokak eta abar ere. Berez, nekazaritzako, abeltzaintzako eta eskulangintzako produktuei lotutako hogeiren bat azoka zeuden iragarrita azarorako, eta beste horrenbeste abendurako. Horietako bat Zumarraga-Urretxuko Santa Lutzi eguneko feria zen, Gipuzkoan egiten den handienetakoa. Antolatzaileek aste honetan bertan jakinarazi dute ez dutela egingo. Aurreko hilabeteetan ere bertan behera geratu ziren beste batzuk: esate baterako, irailean Ordiziako Euskal Jaietan egiten dutena. Ekoizleak kezkatuta daude, beren produktuak saltzeko plaza garrantzitsuak izaten direlako azoka bereziak. Ezinbestekoa iruditzen zaie asteroko azokak behintzat mantentzea.
“Bertako ekoizleei leku gehiago uzteko ahaleginetan ari ginen”
ARANTXA EGAÑA (Itziarko auzo alkatea)
Eguraldi ona egiten badu, 15.000-20.000 lagun elkartu ohi dira Itziarko ferian. Azken 26 urteetan, urtero antolatu dute. Baina aurten, ez. “Pena handi-handia eman digu, baina ez egitea erabaki dugu”, esan du Arantxa Egaña Itziarko auzo alkateak. Industria gune batean egin ohi dute, eta eremu zabala hartzen du feriak. Konfinamendua amaitu berritan, formatu txikiagoko zerbait egitea ere pentsatu zuten. “Baina hainbeste urtean egin denez, jendeak etortzeko joera handia du, eta oso zaila ikusten genuen murriztea. Zer esan behar genuen, itziartarrentzat edo debarrentzat bakarrik zela, eta beste guztiei itxi?”.
Itziar Herri Sortzenek antolatu zuen azoka hogei urte inguruan, eta azken urteotan Itziarko Peri Batzordeak hartu du haren lekukoa. Auzolanean antolatzen dute azoka, eta diru iturri handia izaten da Itziarrentzat. “Ferian biltzen den dirua herrirako izaten da: frontoia pintatzeko, frontoia ixteko, materiala erosteko…”. Mugimendu handia egoten da, eta inguruko ostalarientzat ere urteko egunik garrantzitsuenetako bat izaten da jende aldetik.
Ganadu erakusketa ez ezik, baserriko produktuak eta bestelako hainbat produktu egoten dira salgai feria horretan. Egañak azaldu duenez, azken urteotan saiakera berezi bat ere egiten ari ziren: “Ikusten genuen arropen postuak-eta gero eta indar handiagoa hartzen ari zirela, eta horiek pixka bat gutxitzeko eta bertako ekoizleei leku gehiago uzteko ahaleginetan ari ginen”. Hain zuzen, ekoizle berri batzuek egindako eskaerak ere bazituzten aurten, eta, horregatik, are pena handiagoa eman die azoka bertan behera utzi behar izateak. “Inguruko ekoizleentzat plaza inportantea izaten da, baina aurten egoera hau dugu, eta zer egingo diogu bada; datorren urtekoa antolatzen hasi beharko dugu”.
“Igual beste herriren bateko azokara joaten hasi beharko dut”
JON ETXEBERRIA (Erlezaina, Ataun)
Sei urte daramatza erlezaintzan Jon Etxeberria ataundarrak. Gozatu izeneko eztia egiten du. Orain artean ez da gehiegi ibili herriz herri. “Neukan bolumenarekin, ez nuen halako beharrik, eta azoka berezietara joan naizenetan ere, neure eskualdeko herrietara izan da”. Urtez urte izan duen garapenaren eraginez, inoiz baino ekoizpen handiagoa du aurten, 2.000-3.000 kilo artekoa. “Eta gertatu zait, aldi berean, salmenta puntuak murriztu egin zaizkidala”. Ezti ekoizleentzat, urte sasoi honetan antolatu ohi diren azokak izaten dira onenak salmenta aldetik, uda garaian gutxiago erosten delako eztia. “Kezkatzen nau aurtengo panoramak”, aitortu du.
Urteko eztiarekin egiten du lan, eta udaberrirako dena salduta eduki nahi izaten du, udan erleekin lanean aritzeko. “Ez dakit aurten lortuko dudan”. Besteak beste, Urretxu-Zumarragan egiten den Santa Luzia eguneko ferian, Donostiako San Tomas eguneko azokan eta Ordiziako eguberrietako azoka berezian egotekoa zen. “Baina gabonen bueltan izan ohi diren horiek ez dut uste egingo direnik”.
Kontatu du bezeroak fidelizatu ahal izateko beharrezkoa dela produktuak ezagutaraztea, eta horretarako, garrantzitsuak direla azokak. Horregatik, azoka berezietara ez ezik, asteroko azoketara ere joaten da: asteazkenetan Ordizian egoten da, eta larunbatetan Tolosan. “Eta azoka bereziak bukatu direnez, igual beste herriren bateko azokara joaten hasi beharko dut asteazken eta larunbatez kanpo”. Udaberriko konfinamenduan, asteroko azoketako batzuk bertan behera geratu ziren. “Niri ez zidan eragin, ordurako erleekin lanean ari nintzelako. Irailean hasi naiz berriz ere joaten”. Ez du uste berriro ere debekatuko dituztenik. “Ez zuen zentzurik Eroski irekita egoteak eta azokak itxita, batean nahiz bestean har daitezke segurtasun neurriak”. Baina debekatzea erabakiko balitz, arazoak izango lituzkeela kontatu du. “Beste salmenta modu batzuk lantzen hasi beharko ginateke, eta ni behintzat ez nago prestatuta horretarako, eta ez dut ezer egiten nire produktua biltegian izanda”.
Asteroko azokak mantentzen diren arren, jende kopuruan igarri du beherakada bat Etxeberriak. “Aurreko astean, jende gutxiago zebilen Ordizian. Emakume batek esan zidan normalean lagun talde bat biltzen zirela asteazkenetan elkarrekin gosaltzeko, eta egun hartan bera bakarrik joan zela”. Larunbatean, berriz, Tolosan, ez zuen hainbesteko jaitsierarik igarri. Eguraldi ona egin zuen, eta jendea kalera atera zela kontatu du. “Baina beldur horrekin kontatu behar dugu. Jendea atzera botatzen du gaur egun daukagun egoerak”
“Hasiberrientzat guretzat baino gogorragoa da egoera hau”
JOSE LUIS ODRIOZOLA (Artzaina, Aia)
Azokei lotuta, anekdota bat kontatu du Jose Luis Odriozolak, Aiako Agerre Buru baserriko artzainak. Plentziako (Bizkaia) azoka berezian salmahaia jartzen du, eta behin emakume bat joan zitzaion aurreko urtean erositako gazta baten etiketarekin, ea berdinik bazuen galdetzeko. Haren esanetan, adibide horrek erakusten du azokak garrantzitsuak direla norbere produktua ezagutarazteko eta bezeroak lortzeko.
Plentziara ez ezik, Gernika-Lumora (Bizkaia), Asteasura, Aian bertan egiten denera, Ordiziara eta abar ere joan ohi da. Azkeneko horretan egiten den gazta txapelketa ezaguna ere irabazitakoa da, 2017an. Gaur-gaurkoz, ordea, ez daki noiz izango duen hurrengo azoka. “Egoera honetan, normala iruditzen zait halakoak ez egitea”. Ekoizle batzuek aipatu izan dute jende asko elkartzen dela izen handiko azoketan, baina salmenta aldetik ez direla hain oparoak izaten; alegia, jendea ikusmiran edo goiza pasatzeko asmoz joaten dela zerbait erostera baino gehiago. Azoka batzuetatik besteetara aldea egoten dela esan du Odriozolak ere, baina ez du aparteko kexarik. “Normalean, feria onak egiten ditugu”.
Urte asko daramatzate sektorean, eta hainbat herritan dituzte dagoeneko bezero finkoak; horregatik, esan du azoka bereziak bertan behera geratu izanak beste ekoizle batzuei baino min gutxiago egin diela. “Batzuk duela hogei urte baino gehiagotik dira gure bezero. Hasiberrientzat guretzat baino gogorragoa da egoera hau”.
“Gu generoaren gainean egoten gara, ez da supermerkatuan bezala”
ITXASO ARAMENDI (Ogi ekoizlea, Beizama)
Ekoizleentzat garrantzitsua da azoketara joatea beren produktuak saldu ahal izateko, baina haiei ere eragiten die kezka gaur egungo egoerak, eta gaixotzeko beldurra ere sentitu du zenbaitek. Itxaso Aramendik ogia egiten du Beizamako Aginondo baserrian. Baina hark ez du azoka berezietara joateko ohiturarik. “Produkzio txikia daukat, eta asteroko azokekin nahikoa daukat”. Azpeitiko azokan jarri ohi du postua astearteetan eta ostiraletan, eta Zarautzen ere izaten da, uda partean Azpeitian jende gutxiago ibiltzen delako.
Kontatu du koronabirusaren lehen olatuan, alarma egoera jarri zutenean, “antsietate puntu bat” izan zuela. “Lehen astean ez nintzen joan azokara, aurretik ikusi egin nahi nuen nola zegoen antolatuta. Horrez gain, dezenteko ekoizpena daukat, eta jendearen martxa ere ikusi nahi nuen. Bestela, ogia egin eta saltzen ez badut, zer egin ogi horrekin?”. Egoera hartan, whatsapp bidez eta bestelako bide batzuk erabiliz indartu zituen salmentak.
Kezkarekin itzuli zen azokara, baina pozik dago orain, eta erosleak ere badabiltzala esan du. “Oso ondo dago antolatuta guztia: protokoloak hasieratik jarri dira, eta ez dugu arazorik legea betetzeko”. Saltzaileentzat ez ezik, erosleentzat ere azokak seguruak direla nabarmendu du. “Adibidez, gu jeneroaren gainean egoten gara; ez dugu uzten gauzak ukitzen, supermerkatuetan ez bezala”. Era berean, etxean ere beharrezko segurtasun guztiak hartzen dituela esan du. “Gu ekoizle txikiak gara, etxean egiten dugu ogia, eta geuk saltzen dugu. Maskararekin lan egiten dugu. Arduratsua naiz, eta produktua inporta zait, eta baldintza onetan eskaini nahi dut”.
Eta, batez ere, lan egin nahi duela nabarmendu du Aramendik. “Zorionez, konfinamenduaren hasieratik izan dugu horretarako aukera, eta pozik nago, nire lanetik bizi naizelako. Ez dut nahi estatuak diru laguntzak ematerik; orain arte bezala jarraitzearekin konformatzen naiz”.