Irizar ie truck kamioiak Enpresentzako Europako Ingurumen Saria jaso du
%100 elektrikoa den kamioia FCC Medio Ambiente enpresarekin elkarlanean garatu du Irizarrek. Madrilen izan da sari banaketa.
Irizarrek Enpresentzako Europako Ingurumen Saria jaso du Irizar ie urban truck %100 elektrikoa den kamioiagatik, ‘produktua edo zerbitzua’ izeneko kategorian. Sari banaketa asteazkenean izan zen, Madrileko Rastroan.
“%100 elektrikoa da, eta horri esker, merkatuan dauden era askotako premiei erantzuteko aukera eta hirietan zein hiri inguruetan ibiltzeko aukera ematen du, inolako atmosferaren kutsadurarik zein kutsadura akustikorik sortu gabe”, azaldu du Irizar enpresak hedabideei helarazitako ohar batean. Kamioia FCC Medio Ambiente enpresarekin elkarlanean garatutako I+G proiektu baten emaitza da eta hondakinak biltzeko alboko karga duen karrozeriaz hornitutako lehen kamioia ere bada.
Europako Batzordeak antolatzen ditu sari horiek 1987. urtetik, eta 2013tik Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitate Fundazioak koordinatzen ditu. Negozioen bideragarritasun ekonomikoa eta ingurumenaren babesa arrakastaz konbinatzen dituzten enpresak saritzen dituzte.