Txistu alardea Usurbe antzokian egingo dute, 20:00etan azkenean
Alardea gaur izango da, aurreikusi baino bi ordu lehenago. Antzokiko leihatillan sarrerak hartu behar dira aurretik. Inguruko herrietako txistulariak ere izango dira
Goizeresi Txistulari Taldeak antolatzen duen alardea gaur egingo dute. Taldekideek aitortu dute egin ala ez zalantzak izan zituztela, baina udalaren babesa jaso dutenez eta Usurbe antzokiko segurtasun neurriez fidatzen direnez aurrera egitea erabaki dute. Egokitzapenekin, hori bai: frontoi txikian izan beharrean Usurbe antzokira lekualdatu dira eta sarrera hartu beharko da emanaldiaren aurretik antzokiko leihatilan. Emanaldia doakoa izango da. Ordua ere aurreratu egin dute, 20:00etara, etxeratze-aginduarekin arazorik ez izateko.
Ordubete inguruko saioa prestatu dute, atzoko eta gaurko melodiekin. 20 bat musikari igoko dira oholtzara: metal boskoterik ez da izango, baina bai zortzi kolaboratzaile eta Idiazabalgo, Ordiziako eta Urretxuko txistulariak. «Gu inguruko alardeetara joaten gara eta inguruko txistulariak gure alardera ere etortzen dira», azaldu du Joseba Ibarguren Goizeresi Txistulari Taldeko zuzendariak. Alardearen ostean denak elkarrekin afaltzera joateko ohitura izaten da, baina aurtengoan ez da posible izango.
Ibargurenek aitortu du txistulariak emanaldia emateko gogotsu daudela, azken hilabeteetan jendaurrean jotzeko aukera gutxi izan dutelako. Entseatzeari, ordea, ez diote sekula utzi: «Egoera berrira moldatuta baina nahiko normal gabiltza entseatzen. Txistulari gazteenak, ikasleak direnak, egon dira bakartuta eta entseguetan sakabanatuago jartzen gara. Baina biharko emanaldirako prest gaude», borobildu du zuzendariak.