Giro ona aprobetxatuz, arnasa hartzera
Alarma egoerak eta herrikako konfinamenduak asko murriztu dute aisialdirako aukera. Gaurko eguraldia aprobetxatuz, ordea, herritar asko atera dira herri inguruan paseoan, giroarekin gozatu eta arnas pixka bat hartzera.
Bana, bikotean edo familian, oinez edo bizikletan, bidegorrian edo mendian, baina asko izan dira gaur eguraldiaz eta aisialdiaz gozatzera atera diren goierritarrak. Alarma egoerak eta herrikako konfinamenduak asko murriztu dute aisialdirako aukera. Hala ere, gaurko eguraldi ona aprobetxatuz, herrian bertan edo aldameneko herrira paseoan joan dira asko eta asko. Naturguneak eta mendialdeko lekuak aukeratu dituzte gehienek, arnasa hartu eta eguna aprobetxatzeko. Lazkaomendi, Antio edota Santa Barbara bezalako lekuak jendez beteta egon dira gaur goizean.
Alarma egoerak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriek baimentzen duten jardueretako bat da ibiltzea edo kirola egitearena, eta horretarako, norbere herrian ez ezik, mugakide diren herrietan ere ibili daiteke. Hori bai, gehienez ere seinakako taldetan eta musukoa edo maskarilla jantzita joateko eskatu dute.