GKS-k burgesiak ezarritako "salbuespen egoera" salatu du
Gazte Koordinadora Sozialistak "burgesiaren zuzeneko diktadura" eta oligarkiak, politikariek eta enpresariek ezarritako "salbuespen egoera" salatu du, Ordizian egindako elkarretaratzean.
Goierriko Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Ordizian, “burgesiaren zuzeneko diktadura” gelditu dezatela eskatezko. “Oligarkia finantziarioak, politikari profesionalek eta enpresari handiek ezarritako salbuespen egoera” salatu nahi izan dute. Plaza nagusian, eta segurtasun neurriak beteta egin dute protesta bilkura.
GKSk martxoan hasi zuen “burgesiaren ofentsiba” salatzeko kanpaina politikoa. Ordutik, “masa zabalen pobretzea eta eskubide zibilen nahiz politikoen urraketak” normalizatzen joan direla uste dute. “Goi burgesiak jada erabaki du hurrengo urteetako gizarte ereduaren oinarriak zein izango diren: pobrezia orokortua, eskubideen zein askatasunen indargabetzea, eredu soziokultural alienantea eta polizia-estatua”. Horren guztiaren aurrean, oinarrizko eskubide batzuk ezin direla inoiz ezabatuak izan gogorarazi dute, “horien gabezian, boterearen arbitrariotasunaren esku” geldituko baita gizartea. “Jada ez gaude ongizate eta zuzenbide estatuaren paradigma historikoan, oligarkia finantziarioaren aginte gero eta handiagoaren menpeko gizarte eredu” batean baizik. Hala, “burgesiaren zuzeneko diktadura” gelditzeko beharra aldarrikatu dute.