Zaldibian 200 lagunetik gora elkartu dira asteburuko kultur ikuskizunetan
Zaldibiako udazkeneko kultur egitarauaren barruan, Txan Magoaren eta Andoni Ollokiegiren emanaldiak izan dituzte. Segurtasun neurri guztiak beteta, jende ugari bildu da bi saioetan.
Segurtasun neurri guztiak mantenduta, kultur ekitaldiak egiten jarraitzea posible dela erakutsi dute Zaldibian. Atzo, Txan Magoaren eta Andoni Ollokiegiren emanaldiak izan zituzten, eta bien artean, berrehundik gora ikusle elkartu ziren Resti kiroldegian. Zaldibian udazken garairako antolatu duten Udazken Bizia egitarauko ekitaldiak ziren biak ala biak ere. Udalak azaldu duenez, 141 lagun elkartu ziren Txan Magoak arratsaldean egin zuen saioa ikusteko, eta beste 69 Andoni Ollokiegiren emanaldirako. Aulkietan eserita, segurtasun tartearekin eta uneoro maskarilla kendu gabe egon dira ikusleak.