Aitziber Garmendia eta Sara Cozar, elkarrekin pantaila handian
'Erlauntza' antzezlanak izandako harrera ona ikusita, zinemara eraman dute istorioa. Ostiral honetan estreinatuko dute filma, zinema aretoetan.
Lehendik ere makina bat eskenatokitan aritu izan dira elkarrekin, baina Aitziber Garmendia eta Sara Cozar aktore goierritarrak pantaila handian eta elkarrekin ikusteko aukera izango da laister. Erlauntza antzezlanean oinarritutako luzemetraia da. Antzezlan hark izandako harrera ona ikusita, Kepa Errastik eta Mireia Gabilondok zinemarako gidoia prestatu zuten, eta baita filma errodatu ere. Antzezlaneko aktore talde bera ariko da filmean ere; Garmendia eta Cozarrekin batera, Itziar Atienza, Gertari Etxegarai, Naiara Arnedo eta Leire Ruizek jokatuko dituzte pertsonaia nagusien rolak.
Ezkondu aurreko agurra landetxe batean ospatzen duen lagun talde baten gorabeherak kontatzen ditu filmak. Azaroaren 6tik aurrera izango da ikusgai Euskal Herriko zinema aretoan. Aurkezpena eta aurre-estreinaldia berriz, asteazken honetan egingo dute, Donostiako Principe aretoan.