Argixaokoez gain, Arangoitin ere agertu dira kasu berriak
Adinekoen egoitzetan zabaltzen ari dira, berriz ere, koronabirus kasuak. Zumarragako egoitzako hamar kasuei, Beasaingo Arangoitiko beste lau gehitu zaizkie asteburuan.
Adinekoen egoitzetako egoera kezka iturri bihurtu da, beste behin ere. Azken asteetan Zumarragako Argixao egoitzan hainbat kasu agertu dira, eta 3 egoiliar hil dira dagoeneko. Une honetan hamar lagun daude egoitza horretan, koronabirusarekin. Asteburuan, Zumarragakoaz gain, Goierriko beste egoitza batean ere agertu dira positibo kasu berriak. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Arangoitin beste lau kasu atzeman dituzte.
Aldundiak errefierentziazko bi zentro ditu Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko: Ordiziako San Jose egoitza eta Eibarko Ospitaleko gizarte-solairua. Bi zentro horietan, 73 egoiliar daude une honetan, eta beste hiru, ospitaleratuta.
Abuztuaren 11n egoitzetan lehen positiboa atzeman zenetik, 97 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 43 pertsona hil dira.