Gozategiren eta bertsolarien saioetarako sarrerak salgai
Zaldibiako Udazken Bizia kultur egitarauaren barruan, bertso saioa eta Gozategi taldearen kontzertua izango dituzte asteburuan.
Alarma egoera dela eta kultur ekitaldi asko bertan behera gelditu badira ere, Zaldibiako Udalak eutsi egin dio Udazken Bizia egitarauari, eta asteburu honetarako, bi kultur ekitaldi antolatu ditu. Ostiralean bertso saioa egingo dute, eta larunbatean, Gozategi taldearen kontzertua. Bietarako sarrerak salgai daude gaurtik, 150 Gozategiren kontzetrurako eta 50 bertso saiorako.
Zapiak Bat taldeak antolatutako Zapi Bete Bertso saioa urriaren 23an zen egitekoa, baina egoera zela medio, azaroaren 6ra atzeratu zuten. Orduan sarrera erosi zutenei mantendu egingo zaie, eta beste 50 sarrera jarri dituzte gaur salgai. Amets Arzallus, Ane Zuazubiskar, Jon Maia eta Maddi Ane Txoperena ariko dira kantuan. Saioa 19:00etan izango da, Resti pilotalekuan.
Larunbatean berriz, Gozategi taldearen saioa izango da Zaldibian. Formato akustikoan egingo dute. Emanaldi hori ere Resti pilotalekuan izango da, 19:00etan hasita.
Udalak hainbat ohar eman ditu bi saio horien harira. Aforoa mugatua izango da, eta gehienez 5 sarrera har daitezke pertsonako. Joaterik ez dutenei, sarrera itzultzeko eskatzen zaie, beste herritar batek aukera izan dezan. Emanaldietara ordua baino 15 minutu lehenago joan behar da, jendea eserlekuetan behar bezala kokatzeko. Musukoa jantzita izan beharko dute ikusleek uneoro, eta sarreran nahiz irteeran eskuak garbitu beharko dira. Sarrera haurreskola aldetik izango da, eta irteera areto futboleko zelai aldetik. Bietan ere, jende pilaketak ekiditeko eskatu dute.