Gutxigatik ihes egin dio garaipenak Ampo Ordiziari
Universidad de Burgos Bajo Cero eta Ampo Ordizia taldeen arteko errugbi partidak 27-24 bukatu zuen. Sailkapen nagusian hirugarren postuan da Ampo Ordizia.
Markagailuan alde txikiarekin baina oraingo honetan Ordizia Errugbiko Ohorezko Mailako mutilek ezin izan dute garaipena lortu. 27-24 gailendu zen Universidad de Burgos taldeak. Aurkariek alde izan zuten etxean jokatzea, eta selekzioarekin kontzentratuta dauden Goia anaien bajei eta Matotoren lesioari, Mujika Covid-19 dela eta konfinatuta egon beharra gehitu zitzaion. Gauzak horrela, lidertza galdu du Ampo Ordiziak, eta sailkapen nagusian hirugarren kokatu da 6 punturekin, Lexus Alcobendasen eta Quesos Entrepinaresen atzetik.
Partida oso fisikoa eta oso gogorra ikusteko aukera izan zuten Burgosko San Amaro zelaiara gerturatu zirenek. Gora-behera ezberdinak izan zituen partidak. Gaztelako taldea aurretik hasi zen bi zigor kolpeei esker, baina Goierritarrek berehala eman zioten markagailuari buelta. Atsedenera, 6-11 iritsi ziren.
Bigarren zatiaren hasieran Ampo Ordiziak markagailuko aldea handitu zuen, 6-18 jartzea ere lortu zutelarik. Une batez garaipena poltsikoan zutela bazirudien ere, Burgosek egoerari apurka-apurka buelta ematea lortu zuen. Partida amaitzeko hamabi minuturen faltan, 19-18 erakusten zuen markagailuak. Zirrara handiko minutuak izan ziren ondorengoak, bi taldeen erasoek, txandaka bata eta bestea jarri baizituzten aurretik. 80. minututik gertu, aurretik zen Ampo (22-24) baina busgoskoek azken entsegua lortu, eta etxekoentzat izan zen garaipena (27-24). Ordiziarrek defentsako bonusarekin konformatu behar izan zuten.
Hurrengo asteburuan, UE Santboianaren aurka jokatuko du Ampo Ordiziak, Altamira zelaian.