Bide alternatibo baten bila
'Oinezkoen Egunak' baloratzeko prozesuko parte hartzaileen %46ak bi erraiak itxita eta semaforoa utziko lukete, baina autoentzako bide alternatiboak aztertzea eskatu dute
Oinezkoen Egunak ekimenaren balorazioaren emaitzak eman ditu jakitera Idiazabalgo Udalak. Irailean egindako parte hartze prozesuko parte hartzaileen %67ak uste du herriarentzako ekimen onuragarria dela, eta %46ak bere horretan utziko luke: bi errailak itxita eta semaforoarekin.
Etxealdia amaitu zenean jarri zuen abian Oinezkoen Egunak egitasmoa Idiazabalgo Udalak. Horrela, Ubitarte etxetik okindegi parera doan kaleko bi errailak ixtea erabaki zuen, ostiraletan 17:00etatik hasi eta igandeetako 23:00ak arte, pertsonen arteko distantzia bermatu eta tabernei terrazak jartzeko aukera emate aldera. Ugarka ondoko bidegurutzean auto asko kontrako norabidean pasatzen zirenez, semaforoa jarri zuten uztailean.
Artelatz enpresak gidatu du balorazio lana, eta inkestak eta foro irekia erabili dituzte metodologia gisa. Ekimenak tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzen dituela agertu du gehiengoak: %75ak 7 puntutik gorako balorazioa eman dio. Mugikortasunari dagokionez, %59ak esan du ez duela mugikortasun ohituretan eraginik izan. Desabantaila baino abantaila gehiago dituela uste du %55ak, baina deserosotasunak ere aipatu dituzte: autobidea erabili behar izatea edo garajeetatik ateratzeko espazio eskasa izatea, adibidez. Gehienek ere ostiraletik igandera utziko lukete ekimena ohitura bat bihurtu eta mugikortasun ohiturak aldatzeko.
Etorkizunean, aldaketak
Modu positiboan baloratu dute ekimena idiazabaldarrek orokorrean. Halere, alternatiba bat bilatzea eskatu dute etorkizunera begira. Aurreko egoerara itzultzea ez dute aproposa ikusten gehienek, baina erdibideko plan baten lanketa eskatu dute: «Plan orokor sakonago bat eskatzen dute Idiazabalentzat», azaldu du Idiazabalgo Udalak. Autobusa pasa ahal izatea bermatzea eta autoentzat bide alternatiboak lantzea eskatu dute.
Parte hartze prozesuak 4.761 euroko aurrekontua izan du. Udalak 3.148 euroko ekarpena egin du eta aldundiak 1.613 euro.