Buruz Buruko Txapelketa ostiralean hasiko da, Ataunen
Zubizarreta III.ak Darioren aurka jokatuko du estreineko partida, Zubikoeta kiroldegian. Irabazleak Irribarriaren aurka jokatu beharko du, final laurdenetan.
Ezohiko garaian eta formatua egoera berrira egokituta egingo dute 2020ko Buruz Buruko Txapelketa. Iraupenez ere ezohikoa izango da, apenas hilabeteko tartean jokatuko baitute. Hamabi pilotari ariko dira lehian, enpresa bakoitzetik seina. Aspetik Irribarria, Ezkurdia, Elezkano II.a, Jaka, Altuna III.a eta Dario ariko dira; Baikotik berriz, Urrutikoetxea, Bengoetxea VI.a, Bakaikoa, Agirre, Peña II.a eta Zubizarreta IIIa.
Aurreneko partida ostiral honetan jokatuko dute, 19:30ean hasita, Ataungo Auzoeta kiroldegian. Eta ataundar bat, Iraitz Zubizarreta, ariko da estreinekoz, Dario Gomezen aurka. Final zortzirenetako partida izango da, eta irabazleak, Iker Irribarria aramarraren aurka jokatu beharko du final laurdenetan; ondo bidean, beste bi aste barru izango da partida hori, eta handik astebetera, final erdiak jokatuko dituzte. Finala berriz, hilaren 29an jokatuko da, Bilbon.
Koronabirusak eta alarma egoerak eragindako neurrietara egokituta egin beharko dute txapelketa. Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiak direla medio, partida guztiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatuko dituzte, eta ikusle kopurua ere mugatua izango da.