Goikoetxeak Ondarroako nanoipuin lehiaketa irabazi du
"Hamaika ikusteko jaio eta makina bati begira hil zen"; 53 karaktererekin istorio oso bat kontatu du sortzaile beasaindarrak
Ekaitz Goikoetxeak irabazi du Ondarroako Udalako Euskara Batzordeak antolatzen duen nanoipuin lehiaketa. Bederatzi hitzekin eta 53 karaktererekin osatu zuen istorioa: hamaika ikusteko jaio eta makina bati begira hil zen. “Bestela dirudien arren, ez da egiteko erraza hain hitz gutxitan asko esan ahal izatea”, dio Goikoetxeak. “Hain zuzen ere, hortxe dago nanoipuinaren benetako indarra”.
Hitz jokoak eta kontrasteak baliatu ditu: jaio eta hil; hamaika eta makina bat; ikusi eta begira. “Ez da momentuko okurrentzia izan, hitz bakoitza aukeratu eta doitzen lan handia dago”, aitortu du. Pozik agertu da 57 lanen artean berea hautatu dutelako. “Ederra da norbera asebetetako esaldiak, nanoipuinak horrenbeste lanen artean, epaimahaikoa ere asebete eta harritu duela ikustea”.