Iztueta, Muñoa eta Elgarresta saritu dituzte ustiategietan
Goierriko hiru nekazari saritu dituzte Jaurlaritzak eta Aldundiek: Iztueta esnetarako behietan, Javier Muñoa belardirik onenetan eta Mikel Elgarresta haragitako behietan.
Euskadiko Abere Ustiategien Lehiaketan hiru sari lortu dituzte Goierriko nekazariek. Esnetarako behien Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ustiategi onentzat Lazkaoko Iztueta izendatu dute. Gipuzkoa mailan, berriz, Zeraingo Javier Muñoari belardi onenen saria eman diote, eta Urretxuko Mikel Elgarrestari haragitarako behien saria. Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza Sailak, hiru foru aldundiek, kudeaketa zentroek eta Neiker-Tecnaliak antolatu dute lehiaketa, hogeigarren aldiz.
Lehiaketak 20. edizioa bete du aurten eta hiru herrialde horietako 284 ustiategik parte hartu dute. Bi sari mota ematen dituzte, absolutuak (EAE mailakoak) eta herrialdekakoak. Iztueta izan da sari absolutua lortu duen Goierriko ustiategi bakarra. Muñoak eta Elgarrestak, Gipuzkoa mailako ustiategi onenen sariak jaso dituzte, bakoitzak bere mailan.
Txapelketa horren bidez, “batetik, maila tekniko eta ekonomikoagatik nabarmentzen diren ustiategiak, eta bestetik, euren produkzio metodoak baliabideen kudeaketa iraunkorra bermatzera bideratzen dituzten ustiategiak” saritzen dituzte erakunde publikoek.