Bibotedunen hilabetea
Oztopoak oztopo, gaur egungo egoerara egokitutako Movember abiarazi du MoHerri taldeak. Gizonezkoei eragiten dieten gaixotasunen inguruan kontzientziazioa eta ikerketarako diru bilketa dituzte ardatz.
Iritsi da bibotedunen hilabetea. Bibotea baita, azaroan sartzearekin batera, abiarazten den gizonen osasunaren inguruan kontzientziatzeko Movember kanpainaren ikurra edo bereizgarria. Oztopo guztien gainetik, Goierrin kanpaina honen bultzatzailea den MoHerri taldeak, urteroko diru bilketa eta kontzientziazio kanpaina abiarazi du. COVID-19a dela eta, egoera berezi honetara egokitu dute aurtengoa.
Zaila izango da bibote iletsuak ikustea kalean, baina MoHerriko lagunak azti ibili dira. «Iazko kanpaina amaitu eta gero, erabaki genuen, aurten martxotik aurrera, hilabetero lan taldea biltzea, aurtengo kanpaina garatzeko, horretarako baldintzak eman ez direnez, beste baliabide batzuk erabilita antolatu gara, eta hemen da Movember». Kike Biguriren hitzak dira, eta nola ez, musukoa darama jantzita. Ez edonolakoa. Aurten, esan bezala, oso azkarrak izan dira Movemberren antolatzaileak Goierrin; bibote iletsuak musukoaren azpian ezkutuan geratuko direnez, musukoaren gainean jartzea erabaki dute. Felix Huizik osatu du Bigurik aurreratutakoa: «Daukagun egoerara moldatu gara, beraz, aurten ere biboteak erakusteko moduan izango gara, baita musukoaren gainean ere, aurten kamisetak beharrean, Movemberren ikurra den bibotea duten musukoak jarri baitugu salgai, dagoeneko eros daitezke Goierriko establezimendu desberdinetan, kanpainako beste hainbat produkturekin batera». Movember musukoak, 10 euroren truke eros daitezke Ordiziako Olano eta Amonane tabernetan, eta Beasaingo Plazapen eta Senpereko Erronkan. Gainera, termoak eta giltzatakoak ere salgai dituzte. Eltzetxuak ere jarrita daude, urtero bezala.
Movemberreko kideek, kanpainarekin bat egiteak duen garrantzia nabarmendu dute. Izan ere, prostatako eta barrabiletako minbiziaren edota gizonen depresioaren inguruko kontzientzia sortzeaz gain, elkartasun ekintza horrekin eskuratutako diru guztia, arlo horietako ikerketara bideratuko dute, beste behin ere. Diru hori, Hospital del Mar institutuko Montse Ferrer doktorearen taldeak egingo duen nazioarteko ikerketa finantzatzeko erabiliko baita.
Ekintzak eta kolaborazioak
Urtez urte, indarra hartzen joan da Movember. Goierrin, Ordizian egin zen lehenengoz, eta gaur-gaurkoz, Beasainera eta Lazkaora ere hedatu da, lan taldearen ekinari esker. Aurten, COVID-19agatik, «nahi baino ekintza gutxiago» antolatu dituzte, baina momentuz, pintxobiboteak aurrera darrai: azaroaren 12an Lazkaon; azaroaren 19an Beasainen; eta azaroaren 25ean eta 26an Ordizian.
Musukoa eramanda ere, biboteak uzteko deia ere egin diete Goierriko gizonezkoei. Gainera, ondorengo ileapaindegietan bibote dotore-dotoreak konpotzeko konpromisoa hartu dute: Irene, Manolo, Pili, Alazne eta Maider ileapaindegiak Ordizian; eta Dama, Lazkaon. Azkenik, eskerrak eman dizkiete, kanpainari indarra ematen lagundu duten kolaboratzaile guztiei.