EBk CAF aukeratu du tren jasangarriagoak garatzeko
Europar Batasunak 10 milioi euroko diru-laguntza emango dio CAFek zuzentzen duen kontsortzioari
Europar Batasunak CAFek gidatzen duen FCH2RAIL kontsortzioa aukeratu du hidrogeno bidezko trenaren prototipoa garatzeko. Beasaingo konpainiak hamar milioi euroko diru laguntza jasoko du tren jasangarriagoak ekoizteko. Helburua, gaur egungo diesel-motorrekin propultsatutako trenekin lehiatzea da, baina inolako emisiorik gabe.
Prototipoa garatzeko Renferen Civia seriea hartuko dute oinarri. Orain arteko trakzio-sistemari hidrogeno-piletetatik eta LTO baterietatik eratorritako sistema instalatuko diote. Hala, tren hibridoa bilakatuko da: azpiegitura elektrifikatuetan argindarrarekin mugituko da eta katenariarik gabeko zatietan hidrogenoari esker, eta ez dieselarekin orain arte bezala. Europako trenbide sarearen erdia ez dago elektrifikatuta eta bide horietatik erregai fosilak behar dituzten trenak ibiltzen dira.
Hainbat fase gainditu beharko dituzte. Prototipoaren diseinuaz, fabrikazioaz eta balidatze-pozesuaz gain, Europako tren arloko arau berriak idatzi beharko dituzte eta zaharrak eguneratu. Proiektuak lau urte inguruko iraupena izango du eta hamalau milioi euro inguruko aurrekontua izango du. %70a Europako Batzordeak finantzatuko du.