Eguzkia ateratzen denetik ezkutatzen denera arte korrika
Ezkiotik 08:02an irten eta Izazpi mendi tontorrera joan-etorrian ibiliko da Aritz Egea, etenik gabe 17:47ak arte, azaroaren 14an. Haur minbiziaren ikerketaren laguntzarako SuperH elkarteari eta Esklerosi anizkoitzaren ikerketaren laguntzarako Baila con EM elkarteari diruz laguntzea du helburu ekimenak.
Erronka sinbolikoa izango da Aritz Egea mendi korrikalariaren hurrengo lasterketa. Azaroaren 14an ‘Eguzkiak iraun bitartean’ izeneko elkartasun erronka egingo du, SuperH elkarteari eta Baila con M elkarteari diruz laguntzeko helburuz. Korrika ariko da eguzkia irteten denetik ezkutatzen den arte.
Super H haur minbiziaren ikerketaren laguntzarako elkartea da, eta Baila con EM esklerosi anizkoitzaren ikerketaren laguntzarako, eta haientzako izango da jasotakoa: “Ikerkuntza ezinbestekoa baita edozein gaixotasun ezagutarazteko”, adierazi dute ekimenaren antolatzaileek ohar baten bidez.
8:02ean irtengo da Ezkiotik Izazpi mendi tontoirreraino (973 metro), eta joan-etorrian ibiliko da 17:47ak arte, eguzki argia joan arte. Erronka nagusia ahalik eta itzuli gehien egitea izango da. Joan-etorri bakoitzean 12,59 kilometro egingo ditu, 750 metroko desnibel positiboarekin.
Kirolarien parte-hartzea
Hainbat kirolarik eta kirol klubek dohaintzan eman dute kirol materiala, eta hori zozkatuta lortu nahi dute ikerketetara bideratzeko dirua. Kronoak.com webgunean eros daitezke zozketan parte hartzeko txartelak. Zuzenean elkarteei diruz laguntzeko aukera ere izango da.
Besteak beste, Bioracer eta Etxeondo etxeen txirrindularitza ekipazioak, Alex Aranburu, Markel Irizar eta Gari Bravoren maillot-ak, Pou Anaien, Patxi Usabiaga eta Alex Txikonek emandako materiala, Athletic, Eibar eta Real Sociedad taldeen kamisetak edota Salomon etxearen zapatilak eta kamiseta egongo dira zozketagai.
Gainera, Killian Jornet mendi korrikalariak sortu du ‘Eguzkiak iraun bitartean’ ekimenerako irudia: “Ekimenaren berri eman bezain pronto bere aletxoa jartzeko zalantzarik ez zuen izan Norvegian bizi den kirolari kataluniarrak”, azaldu dute oharrean.