Herriari egindako ekarpena azaleratzeko jarritako izena
Herriko lehenengo emakumezko musika irakaslearen omenez, Fabiana Zudaire izena izango dute aurrerantzean Idiazabalgo entsegu lokalek. Hainbat instrumentu jo arren, biolina zuen gustukoen Zudairek.
Idiazabalgo entsegu lokalek Fabiana Zudaire izena izango dute aurrerantzean. Fabiana Zudaire Jauregi herriko lehenengo emakumezko musika irakaslea izan zen, eta haren omenez aukeratu du izena udalak. Aurten 50 urte dira hil zela. 1894ko urtarrilaren 20an jaio zen Idiazabalen, eta Donostian zendu zen 1970ko urriaren 4an.
Aitaren ogibide bera izan zuen. Izan ere, Jose Galo Zudaire zen bere aita, Idiazabalgo udal idazkaria eta elizako organista izan zena. Solfeo eta piano, biolin edo txistu irakaslea ere izan zen. Beraz, aitaren bitartez txikitatik izan zuen musikari lotutako bizitza. Hainbat instrumentu jotzen zituen Fabiana Zudairek, baina biolina zen gehien gustatzen zitzaiona: «Dena den, gaztetatik pianoa irakatsi zien aitaren ikasleei aitak udal idazkari lanak egin behar zituelako», azaldu du Pedro Mari Mujika historialari idiazabaldarrak.
Musika irakasle bezala ere, idiazabaldar askori irakatsi zien. Tartean, Mujikari berari: «Nire irakaslea izan zen 8 urtez, eta 1970an hil zen arte harreman estua izan genuen», azaldu du. «Zoriontsua» eta inoren aurka hitz txarrik esaten ez zuen emakumea izan zela gehitu du ikasle ohiak: «Ongi hezitakoa, eta denekin tratatzera ohituta zegoen». Irakurtzea ere gustuko zuen, eta Mujikak gogoan ditu Idiazabalgo fondan kontatzen zituen XIX. mendeko istorioak.
Emakumeen izenak
Udalak omenaldi gisa aukeratu du entsegu lokalentzako izena: «Eta bide batez, horrenbeste urtez ezkutuan egon den emakumeen historia ere azaleratzeko», azaldu du Iñaki Arriaran Idiazabalgo Udaleko zinegotziak.
Gehitu du horrelako ekimenekin, espazioei emakumeen izenak jartzearekin, pertsona horiek egindako «ekarpena azaleratu» nahi dutela. Fabianaren aitak ere, Jose Galok Zudairek ere, aitak, kale bat du bere izenean Idiazabalen, hain justu Kale Nagusiaren paraleloan.
Irailaren 24an egindako osoko bilkuran erabaki zuten izen hori ematea eremuari eta, aldi berean, entsegu lokal horien erabilerarako araudiaren proposamena onartu zuten. Idiazabalgo Udalaren webgunean dago ikusgai arauen proposamena, eta iradokizunak aurkezteko epea ere zabalik dago: erabiltzaileek araudia hobetzeko edo zuzentzeko ekarpenak abenduaren 1era arte egin ditzakete.