«Irratiaren jatorrira itzuli ginen, eta hori aitortu digute»
Irrati eta telebista munduko Ondas sarietako bat Dani Garrido Corralesek (Legazpi, 1978) zuzentzen duen Carrusel Deportivo irratsaioak jaso du. Entzuleekin egindako betiko irratia aldarrikatu dute.
Legazpiar batek Ondas saria irabazi du.
Bai, baina sari hori talde osoarena da, talde horrek konfinamenduko hiru hilabeteetan egin zuen lanari aitortza. Eta betiko irratiko entzuleentzako saria ere bada. Futbola eta kirol guztia geratuta egon ziren hiru hilabeteetan inoiz baino gehiago hurbildu ginen entzuleengana, betiko irratiaren oinarrizko balioetara. Etxean, bakarrik zegoen jendearentzako irratia egin genuen, eta kirolak dituen erritmoak eta eroaldia alde batera utzita, geldialdi bat egin genuen entzuleei konpainia eskaintzeko.
Kirol emankizunen faltan asteburuko irratia berrasmatzeagatik eman dizuete saria.
Kirola eta ia-ia bizitza osoa gelditu zenean, babesa eta laguntasuna eman genion etxean zegoen jendeari, batez ere bakarrik zeudenei. Irratiaren jatorrira itzuli ginen, eta horixe aitortu digute.
Emozio handia eman genion irratsaioari. Gaiak proposatzen genituen, batzuetan alaiak eta beste batzuetan kezkagarriagoak, jendeak deitu zezan. Emozioz beteriko deiak jasotzen genituen, beste batzuk alaiagoak… jendeak oso ondo erantzun zuen, eta irratia guztion artean egin genuen. Horregatik dira entzuleak ere sariaren irabazle.
Kirola martxan hasi zen berriro. Futbola aipatu duzu lehen, orain ere futbola da nagusi?
Nik uste dut futbola oso produktu berezia dela eta eztabaida sakon baterako gaia dela hori. Badirudi futbola abiatzen denean, larunbat eta igandeetan gizartea lasaiago dagoela, oinarrizko entretenimendua duela. Futbola, eta kirola orokorrean, martxan badago, euskarria, poza, motibazioa… dugula ematen du, egunerokoaz ihes egiteko arrazoia. Eta bai, futbola hasi da, baina oso modu diferentean, harmailetan zalerik gabe dira partidak, taldeak bunkerretan sartuta bezala daude, bidaiak ez dira edozein modutan egiten… ez da betikoa, oinarrizko zerbait galdu du, futbola jendearentzako delako.
Eta hori entzuleek transmititzen al dizue?
Bai, noski, jendeak futbol zelaira itzultzeko gogoa du, edo hobeto esanda, izan du, orain egoera oso zaila dagoelako berriz ere. Ez gaude konfinamendu garaian bezala, baina gu kontziente gara egoera gaizki dagoela eta futbolera joatea bigarren mailan dagoela. Horregatik irratia gehiago entzuten da, zaleek zelaira ezin dutelako joan eta tabernetan ere ezin dituztelako partidak ikusi. Gure lana aldatu egin da pixka bat, eta partidak indar handiagoarekin ematen ditugu, entzule horiei begira.
Prestatuta al zaudete kirolik gabeko beste tarte baterako?
Profesionalki bai, irratia etxetik egiteko aukera ematen duten ekipo teknikoak baditugulako, eta kolaboratzaileek eta analistek ere etxetik parte har dezaten. Nik, hala ere, irratira joan beharko nuke, programak 10-12 ordukoak direlako eta iraupen horrekin oso zaila delako dena etxetik koordinatzea.
Baina maila pertsonalean ez dakit prestatuta nagoen berriz ere dena gelditu eta lehen egin genuena egiteko. Hori egin behar dela esaten badizute, egoera oso zaila dagoelako izango da, eta horrek tristetu egiten zaitu. Profesionalak baino lehen pertsonak gara, eta kezka lanbidetik harago doa, irratitik harago.
Momentuz, irratsaioekin jarraitzen duzue. Nolako da zure lan jarduna?
Asteburuetan lan egiten dugu batez ere. Astelehenak atseden egunak dira, baina astearte eta asteazkenetako Championseko partidetan begia jarrita egoten gara. Bi egun horietan arratsaldeko 17:00etan elkartzen gara eta partiden inguruko irratsaioa egiten dugu 20:00ak eta 23:30a bitartean. Ostegun batzuetan Europa Leagueko partidak egiten ditugu, eta ostiralak ere atsedenerako dira. Larunbat eta igandeak luzeak dira; 14:00etan edo hasi, eta goizaldeko 01:00 aldera bukatzen dugu. Futbola, saskibaloia… kirol guztiak izaten du bere lekua Carruselen.
Gure dedikazioa oso berezia da, ia esklusiboa, etxetik irratira eta irratitik etxera ibiltzen gara, ia bizitza sozialik gabe. Hala ere, pribilegiatua sentitzen naiz Carruselen egoteagatik.
Irratian hasi eta irratian zaude.
Irratia betidanik gustatu zait. Legazpin bizi nintzela, amak [Lourdes Corrales] irratia jartzen zuen goiz-goizetik, eta ia egun osoa piztuta egon eta gero, ohera joan aurretik itzaltzen genuen. Kazetaritza ikasten ari nintzela, irratian praktikak egiteko aukera izan nuen, eta zorte handia izan nuen. Ez nintzen oso ona, oso urduri jartzen nintzen eta askotan trabatzen nintzen. Baina pazientzia handia izan zuten nirekin, eta karrera amaitu aurretik, 20 urterekin SER kateko Radio Bilbaon sartu nintzen. Gerora lan asko egin dut, eta lanbidea ikasten saiatu naiz. Nik uste dut horri esker lortu dudala gaur egiten dudana egitea.
Irratian, eta kirol munduan.
Kirol kazetaria izan nahi nuen. Radio Bilbaon nengoela, 23-24 urterekin, San Mamesera joaten nintzen, Carrusel Deportivorako Athletic-en partiden jarraipena egitera, zelaitik bertatik. 30 urterekin Madrilera etortzea eskatu nuen, eta hemen behetik hasi nintzen, produkzio lanetan, beste aurkezle batzuk ordezkatuz eta beraiengandik ikasiz… Azkenean zortea izan nuen, eta ni ere aurkezle bihurtu nintzen Carruselen eta gero, zuzendari.
Nor izan da zure erreferentea?
Betidanik, Iñaki Gabilondo. Etxean entzuten genuen, ikaragarria iruditzen zitzaidan. Ezagutzeko aukera izan dut, eta azkenaldian asteazkenero hitz egiten genuen elkarrekin, futbolaz edo beste gai batzuetaz. Pandemiarekin ezinezkoa da, eta faltan botatzen dut.
Eta orain zu bihurtu zara beste batzuentzako erreferente?
Nik ez dut neure burua erreferente gisa ikusten, are gutxiago Iñakirekin alderatuta. Ezaguna banaiz, irratsaioari esker da. Carrusel 1950eko hamarkadan jaio zen, eta Espainiako eta Europako kirol irratsaio zaharrena da. Oraingoa nire bosgarren denboraldia da Carruselen aurkezle gisa, eta horregatik naiz ezaguna.
Legazpirekin lotura galdu ez duen madrildarra
Hamar urte daramatza Dani Garrido Corralesek Madrilen. Oso pozik dago han eta egiten duen lanarekin, baina Legazpi ez du ahazteko. Leioara kazetaritza ikastera joan zenean alde egin zuen herritik, 18 urte zituela. Hasieran astebururo itzultzen zen, baina futbola zela eta, asteburuetan lanean hasi zenean bisitak zailago bihurtu ziren; hala ere, ahal zuen guztietan joaten zen. Bilbotik Madrilera joan zenetik, gutxiagotan joaten da, batez ere ama hil zitzaionetik. Uda honetan 15 egun egin ditu Legazpin, jatorrietara itzultzea gustatzen zaiolako, hemen duen familiaren babesera. Gabonetan urtero etortzen da, baina aurten ezin izango du.