Ostalaritza erabat itxi eta etxeratzeko ordua 22:00etara aurreratuko du Eusko Jaurlaritzak
Iñigo Urkullu lehendakariak Jaurlaritzak hartu dituen neurrien berri eman du. Helburua erabateko konfinamendua ekidin eta Gabonetara ahalik eta egoerarik onenean iristea dela esan du.
LABI aholkularitza batzordearen bilera bukatu berritan, Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du komunikabideen aurrean, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien berri emateko.
Birusaren hedapena mugatzeko “bermedun neurriak” hartu nahi izan dituztela azaldu du lehendakariak. Zortzi neurri nagusi iragarri ditu:
- Gaueko 22.00etatik 06.00etara pertsonen mugikortasuna mugatzea.
- Jarduera sozioekonomikoak 21.00etatik aurrera mugatzea. Gasolindegiak eta farmaziak izango dira salbuespen bakarra.
- Elizen eta kultu guneen aforoa %35era mugatuko da.
- Kultur jarduera oro gaueko 21.00ak baino lehen bukatu beharko da. Entsegu kolektiboak ere bertan behera geldituko dira, profesionalen kasuan izan ezik.
- Ostalaritzako establezimenduak itxiko dira.
- Taldekako kirola debekatuta, profesionala eta semi-profesionala izan ezik. Bakarka ere nahitaezkoa maskara erabiltzea. Kiroldegietan gehienez 6ko taldeetan eta gehienezko %40ko aforoarekin.
- Joko establezimenduak eta aretoak ixtea.
- Garraio publikoa 22.30ak arte ibili ahal izango da, taxiak barne.
Dekretua bihar, ostirala, argitaratuko da eta larunbatetik aurrera jarriko da martxan, eta azaro osoan iraungo du, beti ere, pandemiaren garapenaren arabera.
Erantzukidetasun sozialerako deia
Hamar egun igaro dira mugikortasuna mugatzeko dekretua indarrean jarri zenetik. Harrezkero ordea, datuak ez dira onak eta egoera “kezkagarria” da lehendakariaren ustez. Ospitaleen saturazioaren mehatsuaren aurrean, “ezinbestekoa da neurri berriak hartzea eta orain hartzea”. Osasun saila eta LABIren batzordea bat datoz horretan.
Herritarrei erantzukidetasun soziala eskatu die lehendakariak arau horiek betetzerako garaian, bete ezean, “konfinamendu berri batetara kondenatuak” egongo garelako. Hala, bizitza soziala ahalik eta gehien mugatzeko eskatu du. Neurri hauek gabonetara ahalik eta hobekien iristeko asmoz hartu dituztela azaldu du.