Garabi enpresako langileek grebara jo dute, kaleratzeen kontra
Zuzendaritzak lau langile "arrazoirik gabe kaleratu" dituela salatu dute. Astearte eta ostegunero egingo dituzte greba egunak
Olaberriako Altune industrialdean kokatuta dagoen Garabi enpresako langileek grebara jo dute, lantegi horretan izandako kaleratzeak salatzeko. Urriaren 29an zuzendaritzak lau langile kaleratu zituela salatu dute, eta “kaleratze hauek aurrera eramateko nahikoa arrazoi ez” dagoela diote. Hala, egoera “beste modu batean kudeatu eta langile hauek berriro beraien lanpostuetan” onar ditzala eskatu diote zuzendaritzari.
Martxotik ABEE edo erregulazio espedientean dago Garabi enpresa, eta langileen ustez, egoera horrek “eman dio enpresari aukera hilabete hauetan langile horiek formatu eta beste lanpostu batzuetan jartzeko, beraien lanpostuak suntsitu aurretik”; ez dute, ordea, halakorik egin. Joan den ostegunean batzarra egin zuten langileek, eta kaleratze horien aurka egiteko, grebara jotzea erabaki zuten. Astearte eta ostegunero egun osoko lanuzteak egingo dituzte. Gaur zuten aurreneko greba eguna, eta enpresaren kanpoaldean mobilizazioa egin dute, Borroka garaia da, kaleratzerik ez lema daraman pankartarekin.