«Hasieratik Lehen Mailako Banakakoan ariko nintzenik ez nuen espero, sorpresa da»
Lehen Mailako Banakako Txapelketan ariko da Iraitz Zubizarreta debutaria. Ataunen, bihar, Darioren aurka du lehiaketa lehen partida. Gustura da ezusteko aukerarekin.
Zer moduz hartu duzu deia?
Sorpresa izan da, bai niretzat bai ingurukoentzat. Bezperan abisatu zigun Baikok zeinek jokatuko zuten; aukera Promozioan izango nuela pentsatzen nuen. Gustura eta emozio handiarekin nago. Hasieratik 1. Mailan ariko nintzenik ez nuen espero.
Ataunen, berriz ere. Pozgarria?
Dudarik gabe. Presioa dela esaten dute, baina herrian gustura jokatzen dut. Frontoia ezagutzen dut, jendea ere bai, eta animatuko dutela badakit. Galdu ala irabazi, ez da herriaren aitzakia. Herrian hastea pozgarria da. Dario duzu aurkari, beste debutari bat Banakakoan. Baliteke beste batzuek baino izen gutxiago edukitzea, baina onenen pare dago. Aurretikoa jokatuta dago, gainera, Pello Etxeberriaren kontra Amezketan, eta ikaragarri jokatu zuen. Aurkari oso gogorra da. Niretzat denak dira, noski. Abiadura handia sartzen dio Dariok.
Zerekin aurre egin nahi diozu?
Nik nirea egitera atera behar dut. Teorian, Dariok nik baino luzeago eta indartsuago jokatzen du. Tantoaren dinamika berak eramango du. Bere armak aztertu, eta horiek saihesten saiatuko naiz, egoera deserosoan jartzen. Nirea aurreko koadroak dira, eta hor ibiltzea da nire apustua. Bestela, Darioaren alde joan daiteke.
Orain arte zazpi partida soilik jokatu duzu. Zer balorazio?
Lan txukuna eginez hasi naizela uste dut. Emaitzak denetik izan ditut, normala den bezala. Baina sentsazio onekin aritu naiz, kantxan solte jokatzen. Hori nahi nuen: nirea erakutsi eta dezakedana egin. Partida gogorrak eduki ditut, hasiera honetan: Urruti, Aimar, Elezkano, Oinatz bi aldiz… Sentsazio ona daukat.