Zubizarretak, dena lehen aldiz
Lehen Mailako Banakako Txapelketan ariko da Iraitz Zubizarreta debutaria. Ataunen, bihar, Darioren aurka du lehiaketa lehen partida. Gustura da ezusteko aukerarekin
Frontoiko amaraunei begira egoteko astirik ez diete uzten gaur egun pilotari hasi berriei. Iraitz Zubizarretak Banakako Txapelketa jokatuko du, profesionaletan debutatu eta sei astera. Baikok sei pilotarien artean sartu du, eta berak irekiko du txapelketa gainera, Ataunen, bihar. Dario izango du aurkari.
Ezustekoa bai, baina atsegina. Lehenengo aldi asko ari da bizi izaten Zubizarreta gaztea aspaldian. Profesionalismoa, debuta (Ataunen, irailaren 26an), lehenengo buruz burukoa 1. Mailan, aurkezpena, pilota aukeraketa, kazetariak galdezka… Gustura bezain seguru da Zubizarreta, ahalmenak eta dohainak lagun.
Banakako Txapelketa bihar Ataunen hasiko bada, atzo eguerdian pilotak aukeratu zituzten bi pilotariek. Martin Alustiza material apartatzaile segurarrak eramandakotik, Dariok bereizi zituen lehenik bereak, Aspeko intendente Jon Apezetxeak lagunduta. Ondoren, aurreneko aldiz, Iraitz Zubizarretak, Jose Angel Balanza Gorostiza Baikoren intendentea aholkulari zuela.
Dario Gomezek entrenamendu saio bat egin zuen ondoren, Jokin Etxanizek gidatuta. Ezkaraiarrarentzat ere lehenengo Banakakoa da goren mailan; iaz Promozioko buruz buruko txapeldun izan zen. Gorriz ariko da.
Hiru partidako jaialdia
Beste behin, Ataun bihurtuko da pilotaren plaza. Hiru partidako jaialdia antolatu dute, Auzoetan bihar 19:30ean hasiko dena. Jon Ander Albisu herritarrak ere jokatuko du, erakustaldikoan.
Frontoiaren edukiera erdira murriztu dute, eta 315 sarrera jarri dituzte salgai, 20na euroan (berdin aulkiak nahiz harmaila). Atzo, Ataungo Pilota Elkarteko Eneko Imaz eta Iñigo Altzua aukeraketan izan ziren. Zubizarretak Dario bere lekutik atera beharko duela zioten; «pilota eskuerara utziz gero, kito».
Ohar bat egin zuen Zubizarretak: Auzoeta frontoia Ezkaraikoaren oso antzekoa dela.
Iraitz Zubizarretarekin batera, Banakako hamabi pilotarien artean dago Iker Irribarria aramarra ere (Aspe). Final-laurdenetan sartuko da lehian egungo txapelduna, hain zuzen Zubizarreta-Dario arteko irabazlearen aurka. Goierritarren derbia izan liteke.
Inoizko txapelketa motzena izango da, lau astekoa. Final zortzirenetako lau partida asteburu honetan dira, eta final-laurdenak eta finalaurrekoak hurrengo bietan. Finala, azaroaren 29an, Bilboko Bizkaian.